Irati Goikoetxea Asurabarrena • Idazlea
Uztailaren 4an jaio zen Xenda. Goizaldean hasi zitzaidan sabel-festa. Olatu bat hamar minuturo. Oherako sosegurik ez eta gorputza baloiaren gainean jarrita, M ama* eme* ume* liburua hartu nuen esku artean. Azken kapitulua uzkurdura eta uzkurdura artean irakurri nuen, gustura, sentitzen ari nintzena irakurri nahian eta irakurtzen ari nintzena sentitu nahian. Ospitalera joan aurreko une horiek magikoak izan ziren, azken hilabetean bidelagun izan nuen libururarekin bat eginda pasa nituen.
Erika Lagoma Pombar eta Estitxu Fernandez Maritxalarrek Tene Mujika Sariari esker idatzitako liburua da. Hamaika ama eta bi aitaren testigantzak biltzen ditu amatasunak eta feminismoak ardatz hartuta. Pluralean idatzitako liburua da, pluraltasunetik ezinbestean. Eta hori du ederra, bizipenak irakurlearengana hurbiltzeko modua aniztasunetik trazatu izana. Eta ni bihurtu nau aniztasun horren parte, nire bizipen, hausnarketa eta begiradak liburuko protagonistek egindako neurrian idazteko irrika sortu baitit liburuak. Liburu batek eskaini dezakeen alderdi ederrenetakoa da hori, irakurketatik abiatuta nork bereak idazteko gogoa eragitea. Haurdunaldia, erditzea, erdiondoa, umearen zaintza… Ama diren eta ez direnentzat liburua da, aita diren eta ez direnentzat; ama edo aita izango direnentzat eta ama edo aita izango ez direnentzat.
Bai, dena da politika eta politikoa; jaiotza ere bai. Jaiotza batez ere. Oinarri hori, eraikitzen dugun guztiaren sostengua. Arretak hor behar du, gizarte oso baten konpromisoak.