Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Hezur muineraino sartuta daukagu bat ala beste hautatu beharraren dikotomia egungo gizartean: neska ala mutila, zuria ala beltza, zaharra ala gaztea? Lourdes Iriondok 1968an kaleratu zuenetik gaztetasunaren adierazpide izandako kantaren leloari tiraka nator, inguruan sumatutako zenbait jarreraz hausnarrean: Gazte gera gazte, ta ez gaude konforme.
Bizitzaren trenean, geltokiz geltoki, aurrera goaz, bagoi ezberdinetan haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa, helduaroa eta zahartzaroa sartuz, kronologikoki, pilatutako urteen araberako kategoria sozialetan oinarrituta. Aipatutakoen artean bada bat besteen artetik nabarmendu ohi dena: gazte-denbora. Noiz arte da bat gazte? Jaiotza-urteak, emantzipazioak, lan baldintza duinik ez izateak, gurasotasunak, hipoteka bat sinatzeak edo zein adierazlek jartzen du marra gorria? 80ko hamarkadan jaio ginenok gazte betikotuak ote garen! Azken boladan, gure adin bueltakoen artean, malenkoniaz eta amorrazio puntu batekin nabaritu dut bat baino gehiago korapilatuta. Nazkatu arte entzun ditut gaurko gazteak deskribatzeko buru-arinak, alferrak, erosotasunean ohituak, boluntariotzaren antitesia, kritikotasun eskasekoak eta gisakoak direla diotenak. Aurreiritziak hauspotuz bertan goxo, gazteak eta hauek inguratzen duten oro auzitan jarriz, esperientziaren ahotsaren besaulki santutik.
Zahartu eta txartu bertsotarako errima ona (eta eguneroko bizitzan, zenbaitetan, tamalez, binomio aproposa) den bezala, ondoz ondo al daude gazte eta aske? Zorionez, gazteekin igurtzi dezente izaten dut lanean zein bertatik kanpo. Eta pozik sentitzeko arrazoi bat baino gehiago aurkitzen ditut hartu-eman horietan. Arduraz, ilusioz, kezkaz, aurreko belaunaldietakoon esanetara makurtu ordez, gainerakook zer esango zain egon gabe, ekinean ikusi ditut asko. Ausart. Proposamen ireki eta anitzagoak iruditu zaizkit zenbait, ikuspegi askotan, aukera berdintasunera bideratuagoak dauden begirada eta praktika anitz biltzen dituztenak euren baitan, guk bizitako errealitatetik aurrerapausoak eman (nahi) diren seinale.
Nola liteke orain gutxi arte gazte ginenon ametsak betetzeko gaur egungo gazteen saiakerak traba eta arinkeriazko kritika-iturri bihurtzea? Adinaren ajeak ote? Gazteei zuzendutako politikak hala moduzkoak diren garaiotan, denon eskubide eta betebeharretatik abiatutako etorkizuneko gizarte antolaketa euren esku izango bada, zer ari gara eskaintzen? Eta zer eskatzen? Segi bideak urratzen, gazte bezain aske!