Aurten beste serie askoren artean Motherland: Fort Salem telesaila amaitu behar izan dute zuzendaritzaren aginduz. Jarraitzaileek oso gustuko zuten seriea, nire gogokoenetako bat zen, baina amaiera derrigortu horren ondorioz idazleek bost bat denboraldiko istorioa hirura moztu behar izan zuten. Mozketa horretan istorioa kaltetua irten zen, beti gertatzen den bezala. Hala ere gogoz lan egin zuten eta azken denboraldi eder bat eskaini ziguten, dena txukun bilduz.
Pentsa ezazue, XVII. mendeko Salem-eko ‘sorgin’ hilketa ezagunean, emakume gazte horiek benetako botere magikoak zituztela, eta haiek hil beharrean akordio batera iristen direla, non sorgin guztiak armadara joan behar diren, eta gaur egun ere akordio hori indarrean dela. Hiru neska gazte, protagonistak, armada eskolan sartu berri, bertako egoerei, armadaren aurkako talde armatuei eta sorginen aurka dauden elite taldeei aurre egin beharko diete. Hori dena bidean lagunarte eder bat osatuz eta amodio hunkigarriak aurkituz.
Istorioaz gain hiru puntu oso on ditu telesail honek.
- Lehena, beraien magia, ez da orain arte ikusitako topikoa, ahotsa eta soinu frekuentziak dira beraien botereen iturri.
- Bigarrena, ez da armada estatubatuarraren propaganda erromantizatu bat, kritikoa da eta arazo bat baina gehiago planteatzen dituzte.
- Hirugarrena eta hoberena, Espainiaren parte ez den Euskal Herri bat azaltzen da, eta bertan pertsonaia nagusi batek itzulera dramatiko baten ondoren esaten dituen lehen hitzak euskara hutsean esaten ditu. Hirugarren denboraldiko eszena motz bat bakarrik izan arren, serie bat ikustean jaso dudan ezustekorik hoberena izan da.