Larri txaranga hamar goierritarrez osatutako taldea da. Xabier Alvarez (bonboa), Gorka Elosua (saxofoia), Oier Ibarzabal (saxofoia), Oier Iturrioz (txindatak), Joseba Bonastre (tronboia) eta Jon Mujika (tronpeta) ordiziarrak, Beñat Saez de Urabain (tronpeta) altzagarra, Xiker Larrea (kaxa) eta Eneko Huizi (tronboia) beasaindarrak eta Aritz Markinez (kaxa) idiazabaldarrak osatzen dute taldea.
Txaranga bat osatzeko ideia Tolosako inauterietan sortu zitzaien. Aitortu dutenez, «harrigarria iruditu zitzaigun nola kuadrillako bertako kideek txarangak sortzen zituzten inauterietan haien kuadrillaren txaranga gisa joateko, giroa jarriz eta ondo pasaz». Beraz, «motibazio horri helduta», kuadrillako eta errugbiko lagunak, inguruko ezagunak elkartzen hasi ziren. «Hasiera nahiko zaila izan zen, izan ere, batzuek, antza denez, seriotasun gutxi samar ikusten ziguten proiektua aurrera eramateko eta ezezkoa ematen ziguten, baina azkenean lortu genuen taldea osatzea».
Ordiziako jaietan estreinaldia
Lehen emanaldia Ordiziako Santa Ana jaietako kuadrilla egunean egin zuten, uztailaren 27an. Esperientzia «ona» izan zen lehen aldia zela kontuan izanda. Gainera, «oso tarte txikia» izan zuten ensaiatzeko. Izan ere, «uztail hasieran lortu genuen taldea elkartzea eta kuadrilla egunerako prestatu behar izan genuen emanaldia, tartean jaiak zirela kontuan izanda». Hala ere, helburua bete zuten, «gure betiko lagunen txaranga izan baikinen, eta ondorioz, bereziagoa izan zen hasiera».
Aurrera jarraitzeko indarra ere eman zien estreinaldiak. «Hobetu eta errepertorioa zabaldu nahi dugu baina oraindik ez dugu zehaztu ea inguruko jaietarako izango den txaranga hau ala proiektu serioago batean murgildu nahi dugun». Emanaldiei dagokienean, oraindik ez dute hitzordurik zehaztuta baina «Altzagan jotzeko aukera izan genezakeela aipatu digu gure taldekide Beñatek. Horrez gain, kuadrillan baditugu gitarra eta baxua jotzeko prest egongo liratekeen lagunak eta beraz, elektrotxarangarako bilakaeraren ideia ere hor daukagu. Hala ere, gaur gaurkoz lagun talde bat garela esan genezake, baina hobekuntzaz eta lanaz txaranga ederra osatu dezakegulakoan gaude».