Ganbarari, buruari, eragiteko garaia iritsi zaie bertsolariei, errimak eta ideia josiz, ganbarako lanak eginez, Iruñeko Nafarroa Arenako helmugara ahalik eta gertuen iristeko asmoz. Bost goierritarrek hasiko dute bidea irailaren 24an.
Zegokiona baino urtebete beranduago, baina badator bertsolaritzaren festa, iritsi da 18. Bertsolari Txapelketa Nagusia. Bihar zortzi, irailaren 24an hasi eta abenduaren 18an amaituko da lau urtean behineko erronka. 42 bertsolarik hasiko dute irailaren 24an Getxon (Bizkaia) txapelketaren ibilbidea, eta Maialen Lujanbiorekin batera (azkeneko txapelduna) beste zazpi bertsolarik bakarrik lortuko dute Iruñeko Nafarroa Arenako finalean kantatzeko txartela.
Iruñeko azken geltokirainoko helmugaraino iristea helburu duten42 bertsolarien artean, Goierriko bost bertsolari daude: Amaia Iturriotz eta Maialen Akizu urretxuarrak (lehenengo aldiz), Iñaki Apalategi beasaindarra, Iban Urdangarin ataundarra eta Nerea Elustondo legazpiarra.
Hamalau saiok osatuko dute 2022ko Euskal Herriko bertsolari txapelketa. Getxon (Bizkaia) abiatuko da, eta lehenengo aldiz, Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko da finala. 42 bertsolarirekin batera, hamalau lagunek osatzen dute gai jartzaile taldea eta 21 izango dira epaile lanetan arituko direnak.
Aitor Sarriegi eta Saroi Jauregi ez
2017an finalistak izandako Aitor Sarriegi beasaindarrak eta Igor Elortza bizkaitarrak uko egin diote txapelketan kantatzeari; euren ordez ez da inor sartuko. Era berean, Beñat Lizasok, Etxahun Lekuek, Jokin Urangak, Jon Maiak eta Odei Barrosok ere uko egin diote txapelketan aritzeari, eta euren ordez, Beñat Iguaranek, Haritz Mujikak, Imanol Uriak, Maialen Akizuk eta Patxi Iriartek kantatuko dute.
Aitor Sarriegi beasaindarrak 2017ko txapelketan iragarri zuen azkenekoa izango zuela, eta ez du batere damurik hartu zuen erabakiarekin. «2017ko txapelketa hasterako nuen erabakita azkenekoa izango zela. Bukatu zen bezala bukatuta, zorionekoa naiz, bukaeran finala jokatuta, utzi nezakeen tokirik onenean utzi nuen». Are gehiago, «ondoren etorri denagatik: plaza erabat aldatu da, txapelketa urtebete atzeratu da, horrek ere nerbio eta tentsio asko sortuko zion jende askori». Horrezaz gain, uste du «beste era bateko aldaketa ere badatorrela: belaunaldi aldaketa bat, beste arnas berri bat… Momentu egokia izan zela uste dut».
Aurten bertsoaren saltsa eta festa desberdin biziko du beraz Sarriegik. «pereza ere ematen du badatorrela ikusteak», aitortu du. «Ahal dudanean laguntzeko prest nago, baina txapelketarekin harreman gehiegi izateko gogorik ez dut egia esateko. Kantatu dudanean, ia saio guztietara joatekoa izan naiz, baina aurten ez dakit zer egingo dudan. Gogo handirik ez dut, eta hasieran, inbidiarik ere ez du ematen».
Hori bai, finalerako txartela erosita dauka. «Bukaeran badakit inbidia sentituko dudala, Iruñeko finala berezia izango delako. Han kantatzea ederra izango da baina txapelketa ondo atera zaienekin gogoratzen gara, eta txapelketa ondo aterako ez zaienak gehiago izango dira». Gainera, beasaindarrak argi du, «kontua da ez dela finala bakarrik. Aurretik pasatzen duzuna, animikoki gorabehera handiko asteak izaten dira. Aldartean eragiten du eta ez da oso gomendagarria».
Saroi Jauregi zaldibiarra ere Euskal Herriko bertsolari txapelketako finaletako aurkezle finkoetako bat izan da 2001. urtetik, «Belodromoko azkeneko finaletik». Geroztik, BECeko finalak aurkezten aritu da, eta kanporaketetako saioren bat ere bai. Aurten beheko aulkietatik, «erabat kanpotik» biziko du Euskal Herriko txapelketa. Arraroa egingo zaio seguruenik: «Egia esateko, txapelketako antolakuntza talderen batetik kanpoko txapelketaz ez naiz gogoratzen. 1997koa izan zen azkena. Badakit finalera joan nintzela, baina oroimenak oso-oso atzenduta dauzkat».
Goierritarren aukera finalean
Finaleko txartela erosita dauka zaldibiarrak ere. Baina aurretik saio gehienetara joateko asmoa ere badauka, «semearekin eta familiartekoekin».
Azkeneko finaletan goierritarren ordezkariak izan dira Saroi Jauregi (2001etik) eta Aitor Sarriegi (2009an, 2013an eta 2017an). Aurten ikusteko dago goierritarrik finalean izango ote den. Sarriegiren esanetan, «lehen ere egon dira final mordo bat bertsolari goierritarrik gabe. 2001a, 2005a… Nik uste dut kolpea gutxien uste duenak jo dezakeela. Aukerak badaude baino gauza asko gertatu behar dira elkarrekin».
Finala urruti
Jauregi ez da finaleko zortzikotearen zerrendan pentsatzen jarri oraindik. «Egia esan ez dut pentsatu finalean zein sartuko den eta zein ez den sartuko. Argi daukadana da, desberdina izango dela». Batetik, azkeneko finalean kantatu zuten bik [Aitor Sarriegi eta Igor Elortza] parte hartuko ez dutelako, «eta zulo batzuk geratzen direnez, bete egin beharko direlako nolabait». Hutsuneak betetzeko «abanikoa zabal samarra dago. Goierritarrentzat izango den ala ez den, zaila dago esaten. [Aitor] Sarriegi ez dela izango garbi dago».
Biek ala biek argi dute, finala urruti dagoela eta txapelketako saio bakoitzaz gozatu behar dela lehenengo egunetik. Jauregiren esanetan, «finalera ailegatuko dira ailegatzea merezi dutenak. Beti norbaitek kanpoan geratu beharko du eta argi dago sekula ez dela ehuneko ehun justua izango. Ezinezkoa da, artea zenbakitara ekartzen ari garelako eta horrek bere gorabeherak izaten ditu».
Sarriegiren ustez, «nahiz eta txapelketaren egiturak finala errepikatzea erraztu, finalistak beranduago sartzen direnez, aldez aurretik kanporatzeko aukera gutxiago baitago… Taldea gutxi aldatzen da batetik bestera. Eta nik uste dut aurten ez dela aldaketa asko izango. Izango dira, nahita nahiez, aldatuko da agian finalaren kolorea, baina taldean ez dut uste aldaketa asko izango direnik».
Finala Iruñean lehenengoz
Finaleko lehiakideen artean aurpegi berriak izango diren bezala, finalaren eskenatokia ere berria izango da: Iruñeko Nafarroa Arena. Aurrerapauso garrantzitsua da bi goierritarrentzat. Sarriegirentzat «beste sinbolismo bat eta beste indar bat» dauka finala Iruñean izateak. Jauregirentzat ere «beste mugarri bat» izango da: «Bertsozale Elkarteak zerbait baldin badauka ausardia puntua du, ausarkeriarik gabe, eta uste dut gainerako saioetan ere zazpi herrialdeetako Euskal Herria ikusarazten saiatzen dela saioak antolatzerakoan. Nik uste dut oso erabaki ona dela Iruñera joatea».
Zaldibiarraren esanetan gainera, «pentsa Nafarroako bertsolaritzarentzat, bertsogintzarentzat eta bertsozaleentzat ze ziztada izango den; eta Nafarroarentzat baldin bada, Euskal Herri guztiarentzat». Sarriegik gaineratu duenez, «Iruñean euskara hutsean egiten den horrelako ekitaldi batek eta euskararen munduan hain garrantzitsua denak Iruñea ‘hartzea’, oso garrantzitsua da. Iruñea ‘hartzea’ baino gehiago, ez da konkista kontu bat, bertatik, Iruñetik sortu behar duen egun bat eta giro bat izatea espero dut». Bertsolari txapelketa nagusiko finalak Donostiatik Barakaldora eta Barakaldotik Iruñerako ibilbidea egin duen bezala, «ea etorkizun batean, Sustraik [Colina] kantatzen duen bezala, Baionan… izaten den», nabarmendu dute. Hala ere, Jauregik azpimarratu duenez, «nahia eta borondatea ez dira nahikoa, erakundeen eta antolatzaileen inplikazioa behar da, areto egoki bat…».
Arnasa bertsolaritzarentzako
COVIDak eragindako pandemiaren ondorioz garai zailak bizi izan dituen bertsolaritzarentzat 2022ko txapelketa nagusia «arnas bat» izango da goierritarren esanetan. Izan ere, «txapelketak gauza asko jartzen ditu martxan. Gauza asko aktibatzen ditu. Bertsozale Elkartea bera, inguruan dabilen bertso zale pila bat, bertsolariak, gai jartzaileak, epaileak, udalak, teknikariak, bertsozale elkarte guztiak… azkenean Euskal Herria aktibatzen du. Uste dut pandemia baten ondoren ondo etorriko dela txapelketa nagusia».
Faseak eta sailkapenak
Hiru fasetan banatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia: Irailaren 24tik urriaren 9ra lehenengo fasea; urriaren 22tik abenduaren 3ra finalaurrekoak; eta abenduaren 18an finala.
- 1 fasea. Herrialdeetako txapelketetatik sailkatutako 36 bertsolarik kantatuko dute lehen fasean. Sei bertsolaritako sei kanporaketa antolatu dituzte. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasako da hurrengo fasera. Puntu gehien biltzen dituztenekin osatuko da finalaurrekoetarako gainerako bertsolarien zerrenda.
- 2 Finalaurrekoak. 24 bertsolari ariko dira: lehenengo fasetik sailkatutako hemeretzi bertsolari eta 2017ko bost finalista. Bi itzuli izango ditu finalaurrekoak eta puntu gehien pilatzen dituzten zazpi bertsolari sailkatuko dira Iruñeko
finalerako. - 3 Finala. Zortzi bertsolari ariko dira Iruñean: 2017ko txapelduna (Maialen Lujanbio) eta finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatutako zazpiak.
Iñaki Muruaren analisia: Iruñea Txapeldun