Marian Velasco • Mekanizazio teknikaria
Galdera bat egingo dizuet. Beharrezkoa da? Pertsona orok, gertatzen diren gauza guztiei buruz duten iritzien zerrenda osoa adieraztea beharrezkoa da? Edozein pertsonak, edozein gauzaren aurrean duen erreakzioa konpartitzea beharrezkoa da? Zabor guzti hori egunero produzitzea zein kontsumitzea beharrezkoa da?
Benetan gara hain egozentrikoak? Gure iritzia ezinbestekoa dela pentsatzeko bezain egozentrikoak gara? Gure bizipenak besteekin partekatzeko bezain garrantzitsuak direla uste dugu? Benetan gara horren egozentrikoak?
Zeini inporta zaio ba? Zeini inporta zaio film edo liburu horri buruz duzun iritzia? Edo zeinen alde egiten duzun edozein kirol apustuan? Patata tortilla tipularekin edo gabe gustoko duzun? Zeini inporta zaio krisi existentzial baten aurrean nola jokatzen duzun? Zeini inporta zaizkio zure sasi-psikologo, sasi-filosofo, sasi-pentsalari gogoetak? Inori ere ez. Bost axola zure ergelkeriak!
Are gehiago, zeini axola zaio momentuan egiten ari zaren hori? Zeini axola zaio gaur, atzo, edo haurtzaroan gertatu zitzaizuna? Zeini axola zaio non egon zinen/zauden/egongo zaren oporretan? Zeini axola zaio filtroekin nola ikusten zaren? Edo filtro gabe? Besterik gabe, zeini axola zaio nola ikusten zaren?
Beste era batera galdetuko dizuet. Ba al dago ahoa itxita mantendu dezakeen inor? Ba al dago oraindik anonimotasunean zoriontsu bizi den inor?
Eta bai, nik ere garrantzirik gabeko hitzen zabortegi bihurtu dut tarte hau. Nik ere zentzurik gabeko argazkiak zein selfiak partekatu ditut nire sare sozialetan. Ni ere sasi-pentsaletzat nuen neure burua. Baina hau izango da nire azken aletxoa.
Eztanda egin dut, eta paleolitiko teknologikora itzultzea erabaki dut. Izan ontsa!