Saioa Otegi Apaolatza • Saiatuz Psikologia (Ordizia)
Zerk eraman zaitu guraso izatera? Eta ez bazara, zerk eraman zaitu ez izatera? Zer da guraso izatea? Gizakiak direnen gurasotasuna soilik al da zilegi terminologia honetan?
Prest zaude izateak ala ez izateak daraman ardura zure gain hartzeko, dena delakoa datorrena ere? Zure buruari galdetu al diozu noizbait zertarako nahi zenuen guraso izan?
Aitatasunetik, amatasunetik bizitzarekiko planteamendua egitean zer, non, noiz eta nola bizi nahi duzun kontzienteki landu nahi al duzu?
Hau da, erabakiak hartuz, norabidea jorratuz?
Ez gara gertatzen zaigunari atentzio osoa eta zabala jarrita bizi, bai neketsua izan daitekeelako agian edo gogorik ez delako jabetzeko ere. Presa gehiegi ezarritako helburuak, espektatibak betetzeko agian? Ardura edo presio handiegia? Barne hausnarketan baino axaletik bizitzea hobe?
Ez da erraza nahi duguna lortzea oztoporik eta ikaskuntzarik izan gabe.
Zerk eraman zaitu guraso izatera? Eta ez bazara, zerk eraman zaitu ez izatera? Zer da guraso izatea?
Teorian badakigu, praktikan ordea, bizipen guztiek ematen diguten ikaskuntza esperimentatzen egotea ez da hain «komodoa».
Beldurrez, amorruz, tristuraz bizi ditzakegu: Sakonekoaz ez ohartu edo agian ukatu eta zirimolatuta geratu. Bizipenaren biktima bilakatuz pasibo, geldo, estatiko, ardurarik hartu gabe.
Aldaketa bat gertatu da, bat-batean. «Hara abixurik ez dut jaso, ez nuen espero, a ze amorrua! Nire planetan ez zegoen hau, ze frustrazioa».
Sentsazioei kasu egitea
Gorputzeko sentsazioei kasu egitea, hitza ematea, kontziente egitea, ohartzea edo jabetzea tokatzen zaigu, zer ikasi dezakegun esperientzia horren ondorioz hausnartzea, gure mapatik harago joatea, ikuspegia zabaltzea, birmoldatzea, egokitzea.
Hautu bat
«Uf, ze pereza. Ez dut nahi, ez dut gogorik edo ezin dut» ere esan ohi dugu. Guraso izatea ikasketa intentsibo bat da, amaitzen ez dena. Hautu bat ere bai heziketa bat eskaintzeko gidari bilakatzen zaituena. Zein da datozenei eman nahi diezun bidea, eta zeintzuk dira arauak? Mugak eta libertateak?
Lortu al duzu nahi zenuen hori guraso izanik? Izan/go ez bazara, nola eragiten dizu besteen gurasotasunak?