Errealitate oso ezberdinak ditugu Euskal Herrian euskararekiko. Baina ez ditzagun zentralizatu guneka. Udalerri txiki eta euskaldun batean egon daiteke euskara ikasi eta erabili nahi ez duenik. Aldi berean, Gasteizen, Afganistandik duela urte bete iritsitako familia bizi daiteke, inguru ez euskaldun batean, euskara ikasi eta erabiltzeko saiakeran. Jakindurian baina gehiago, jarreran dago gakoa. Ez dakienak, onartu dezake ez dakiela. Baina mespretxuz azaldu gabe.
Nico Williamsi egindako elkarrizketa sareetan bolo-bolo ibili da euskara maila zein zuen galdetu ziotenean eman zuen erantzunarengatik: «Zero». Ez da erantzuna niri hozkia, iguia eman zidana, ondorengo parre txepelak baizik. Bera ez zen ohartu ere egingo baina hori da euskararen magia, norbera ohartu gabe egiten den erabilera.
Gure ikastetxeko familietan, Gasteizen, «Hoy se queda en el Jantoki» oso ohiko esaldia da. Kuriosoa da, nola hezten edo ohitzen diren euskal hitzak erabiltzen beraien hizkuntzan komunikatzen direnean ere.
Eta ziur, Nico berak ere, Urbasatik igaroz Ur basatiak ikusiz, Urederrara goizpasa bat egingo zuela bertako ur ederrak ikustera. Etxeko zaborren bat ere eramango zuen «al Garbigune». Agian astebururen batean «estuvo en los Malloas de Aralar» bidean «viendo trikuharris». Horma zuriak zituen Etxezuri izeneko jatetxean bazkaltzera doala esan duela edo «ir un domingo a Francia, a Iparralde». Iparralde hitzaren esanahia zein den usainik ere hartu gabe. Ustekabean euskarazko hitzak erabiliz biziko zen, baina sareetan zero esan eta barre egin zuen. Magikoa da ba horratio gue hizkuntzea. Goierritarrez, batuan, euskañolez edo dena delakoan ere. Ez da jakintza kontua, jarrera kontua baizik. Dena bezelaxe.