
Galo Iriarte Zumalabe –Seguran jaioa– eta Demetrio Iriarte Agirrezabal –Urretxun jaioa– aita-semeak, txistua jotzen.
Txitularien eskuetatik usu pasatuko ziren Iriarte abizeneko konposatzaileak sortutako partiturak. Demetrio Iriarte Mujikaren (Oñati, 1915 – Aretxabaleta, 1997) sorkuntzak izango dira, ziurrenik. 150 obra baino gehiago konposatu zituen: Abendua, San Pedro egunerako, Erandiotik Iruñera, Gudari, Muru alde, Eguzki alde, Arrasate, Goierri, Kabila… 1936ko Gerran Saseta batailoian gudari izana, preso hartu eta 1942ko martxoan libre geratuta, Oñatira itzuli zen. 1944an jostundegia ireki zuen Aretxabaletan, eta udal txistulari postua lortu zuen han. Mertxe Zubizarretarekin ezkondu zen, eta hiru seme-alaba izan zituzten: Arantza, Aurora eta Koldo. Frankismoan, Aretxabaletako kultur mugimenduan eman zuen zeukana, eta 2015ean, haren ondarea eta figura gogoratzeko demetrioiriarte.com webgunea sortu zuten.
Anaia Higinio ere (Oñati, 1920 – Oviedo, Espainia, 1981) txistularia zen. Hain justu, Orquesta Mondragoneko Javier Gurrutxaga (Donostia, 1958) haien iloba da, Antonia Iriarte Mujika oñatiarraren semea baita.
Demetrio Iriartek goierritar jatorria eta txistulari odola zeuzkan, familiaz. Aita, izen bereko Demetrio Iriarte Agirrezabal (Urretxu, 1889 – Oñati, 1968) zuen, txistularia hura ere. Urretxun jaio eta gutxira, Oñatira aldatu zen familia. Oñatiko txistulari postua izan zuen, 1936 arte. Aitzakia politikoengatik kendu zioten gerra ondoren kargua. Baina ez zuen txistua utzi: herri musikarako konposizioak sortu zituen.
Galo Iriarte segurarra
Aita ezezik, aitona ere goierritarra zuen: Galo Iriarte Zumalabe, Seguran 1861eko urriaren 16an bataiatua. Oñatiko udal txistularia izan zen, semea bezalaxe. Biloba Demetrio Iriartek, gainera, Galo izeneko arin-arina konposatu zuen; aitonaren omenez, bistan denez.
Familian badira txistulari gehiago: Higinio iriarte Agirrezabal, edo Caracasen (Venezuela) 2010eko irailean hil zen eta hango Eusko Etxeko txistulari izan zen Jose Iriarte (Elai Alairen diskoan aritua 1938an), eta anaia Alberto Iriarte.