Jon De la Cuesta Barrutia • Barrutia farmazia (Beasain)
Nork ez du inoiz urdailean, hestegorrian edo eztarrian sua piztuta izan? Maiz prozesu fisiologiko akutua izaten da, hau da, epe motzean arazo gabe konponduko dena. Hala ere, su hori zer den bereiztea, zergatik pizten den eta nola itzali daiteken garrantzitsua da.
Urdailean azido jariakinak ditugu, ezinbestekoak direnak jakiak digeritu ahal izateko, baina batzuetan desoreka bat ematen da, azido gehiegi jariatzeagatik edota jariakin horiek urdailetik ahora irteten hasten direlako, urdaileko balbula ez delako guztiz itxi. Urdail edo sabelean mina nabarituz gero, erretasuna urdail eta bular artean, hau da, bihotz inguruko sua, bihotzerrea deritzo.
Nork ez du inoiz urdailean, hestegorrian edo eztarrian sua piztuta izan? Maiz prozesu fisiologiko akutua izaten da
Erretasun edo azidotasun hori hestegorritik gora badoa, eztarrira heltzen bada, edota jariakin azidoen edo jakien berrahoratzea ere ematen bada, errefluxua deitzen da. Arrazoi anitz daude desoreka hori eragiteko, esaterako, janari astunak (minak, koipetsuak edota azidotasun handikoak) edo kafeinadun eta alkoholdun edariak kontsumitzea, jan ostean etzatea, tabakoa erretzea, estresa, haurdunaldia, zenbait gaixotasun edota botiken eragin desiragaitza.
Neurri ez farmakologikoak
Hau dela eta, zenbait neurri ez farmakologiko bete daitezke; dieta orekatua jarraitu, pisua galdu, aurreko jaki eta edariak ekidin edo gutxitu, polikiago eta maizago jan (5-6 aldiz egunean), ondo murtxikatu, jan ostean ez etzan edo kirolik burutu berehala, tabakoa utzi, ohearen burualdea altxatu, ezkerraldera lo egin, saihestu estresa eta arropa estua eta kontuz eduki antiinflamatorio, antibiotiko eta burdin edo kaltzio suplementazioarekin.
Hala ere, kontuan eduki behar da jaki eta edari hauek ez dutela zertan azidotasuna igo, norbere burua ezagutzea garrantzitsua da erabakitzeko zeintzuk ekidin. Fitoterapia ere estrategia interesgarria da eta farmaziatik erremedio desberdinak aholkatzen eta eskaintzen ditugu. Mantzanillak, betidanik erabili dena, urdaileko azidoaren jariapena murrizten du eta paretetako mukosaren birsorkuntzaren sustatu ere, beraz, min eta erretasun sentsazioa hobetuko du eta kaltetutako zonak osatu.
Funtzio hau ere dute farmazian aurkitu daitezken muzilago eta polisakaridotan aberatsak diren produktu naturalek, azidotasunak kaltetutako paretak babestu eta isolatuko dituztenak, eta haurdunaldian eta edoskitzaroan ere erabili daitezkeenak.
Tratamendu farmakologikoak
Tratamendu farmakologikoari dagokionez, badaude errezeta gabe eskuratu daitezken botikak farmazian. Bikarbonatoa betidanik erabili den erremedio bat da, baina ez da gomendagarria, efektu errebote handia baitu.
Bai bihotzerre, bai errefluxurako, tratamendu ez sistemikoak (odolera igarotzen ez direnak) aurkitu ditzakegu, azkarrak direnak baina ordu batzuetan mantentzen dute eraginkortasuna, eta haurdunaldian zein edoskitzaroan hartu daitezke gehienak.
Azidoak neutralizatzen dituztenak daude, esaterako, sodio eta karbonato gatzak, aluminio edo magnesio hidroxidoa, eta azken bien konbinazio bat den almagatoa. Alginatoa, aldiz, errefluxurako egokiagoa da, geruza bat sortzen baitu urdailean azidoari hestegorritik igotzea ekiditen diona.
Tratamendu sistemikoan (odolera igarotzen dena), famotidina edo omeprazola aurkitu ditzakegu, zuzenean jariapen azidoa murriztu eta egun osoan zehar eraginkortasuna mantentzen dutenak, baina efektua ez da horren azkarra eta ez dira gomendagarriak haurdunaldi eta edoskitzaroan.