Noemi Insausti Lopez • Nutrizionista – EUS00304 (Beasain)
Hilekoan zehar emakumeek pairatzen duten minari dismenorrea esaten zaio. Hilekoa hantura prozesu bat da; horregatik, min-txirriak izatea normala da, baina, mina izatea ez, eta hori, zoritxarrez, normalizatuta dago. Horregatik garrantzitsua da gogoratzea, mina ez dela normala. Egun horietan zehar min handia jasatea, gure gorputza ondo ez dabilen seinale bezala hartu behar da eta dagokion profesionalarengana jotzea komeni da, min horren jatorria ezagutzeko.
Bi dismenorrea mota daude: primarioa eta sekundarioa. Primarioaren kasuan hormonekin dauka zerikusia (estrogeno gehiegi, adibidez), eta sekundarioaren kasuan, aldiz, gaitz ginekologikoa dago atzean; endometriosia, esaterako.
Zer egin dezake elikadurak kasu hauetan? Elikadurari dagokionez, gure egunerokotasunean zenbait ohitura gehitzeak lagundu egingo digu mina apaltzen; hala eta guztiz ere, hasieran aipatu dudan bezala, jatorria ezagutu behar da.
Orain arte dakigunez, behar-beharrezkoa da barazkiak otordu guztietan egotea, bereziki kruzifero familiakoak (brokolia, azalorea….).
Beharrezkoak dira, halaber, kalitatezko proteinak ere: arrautzak, lekaleak, larreko abereen haragia eta arraina.
Kalitatezko gantzak, gantz asegabeak eta omega 3 dutenak lagungarriak dira hantura murrizteko; beraz, oliba-olio birjina estra, ahuakatea, arrain urdina, haziak edota intxaurrak bezalako elikagaiak, ezin dute hutsik egin elikatzerako orduan.
Frutak, berriz, antioxidatzaile ugari ditu; kurkuma edo jengibre bezalako espeziak ere guztiz gomendagarriak dira.
Hidratazioa: ura, infusioak edo saldak. Hilekoaren egunetan berotasuna lagungarria da hanturari aurre egiteko.
Hartzituak: prebiotikoen laguntzarekin batera, hartzituak ere lagungarri izango dira gure mikrobiotarentzat. Ahuntz edo ardi jogurt osoak, kefirra, chucruta, kimchia…
Kontuan izan, prozesaturiko produktuak, gatz asko duten elikagaiak, etab., guztiz aurkako eragina dutela. Hau da, hantura prozesua areagotu egin dezakete.
Hiru zikloren ondoren emaitzak
Garrantzitsua da jakitea elikadura ohitura hauek norbereganatzea eta horren emaitzak ez direla egun batetik bestera ikusten. Gutxienez, hiru zikloren ondoren has daiteke emaitza horiek ikusten.
Eta gogoratu, beste behin, mina ez dela normala.