Euforia hori…

Igor-SusaetaIgor Susaeta • Kazetaria

Harreman bitxia daukat futbolarekin. Ene bizitzako une gogoangarrienetako batzuk bizi izan ditut futbol zelai bateko harmaila batean, eta batzuetan iritsi izan naiz barrenak askatzera pozez oihu eginez, emozioz negar eginez, izan gol bategatik, izan jokaldi plastiko baten ondorioz, edo epaileak partidaren amaiera adierazteagatik. Baina uneak eta uneak daude, eta futbolzaleak badaki bere tokian egoten maila askoz ere apalagoko talde bati irabazten zaionean. Hau da, orduan ez da izaten euforia, sentipen bakan eta espontaneo hori, adierazteko unea.

Realak 3-0 irabazi zion Xeriff Tiraspol taldeari, lehengo astean Anoetan. Han izan nintzen, eta asko harritu nintzen ikusita realzaleek nola ospatu zituzten golak. Xeriff talde eskasa da eta, gainera, jokalari bat gutxiagorekin geratu zen lehen zatiaren erdialdean. Ondoren iritsi ziren hiru golak, eta ikustekoa izan zen ene inguruan zeudenek nola elkar besarkatzen zuten, nola ematen zioten bostekoa elkarri, nola altxatzen zituzten besoak, are, bai-bai, nik ere ezin nuen sinestu, nola dantzatzen zuten. Eta gol bakoitzaren ondoren, Anoetan ohitura bihurtu omen den errituaren lekuko izan nintzen: zaleek zelaiari bizkarra ematen diote, bizkarretik helduta saltoka hasteko. Ez nintzen eserlekutik altxatu.

Koinatuarekin joan nintzen futbolera, eta komentatu nion orain hemen plazaratzen ari naizena. Erantzun zidan zaleak pozik zeudela ez soilik Xeriffi irabazteagatik, baizik eta denagatik, taldea azken urteetan ematen ari den mailagatik. Esan nion martxa horretan zale horiek bukatuko dutela zelaira sartzen Real Madrili azken minutuan garaipenaren gola sartuz gero, hori litzatekeela logikoena aintzat hartuta Xeriffi irabazita nola zeuden. Hori adierazi eta gero, Txoria txori abesten hasi zen estadioa. Orduan bai, orduan ikusi nuen marrazaina banderatxoa astintzen, eta niri adierazten offside nengoela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>