Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Banuen terraza bat. Ikusgarria zen, bakarra herri honetan. Aldapan kokatua eta tabernari bizia ematen ziona. Gure eskuekin muntatu, margotu eta atondu genuen hogei metro koadroko garaje batean. Hasiera batean, mendeku gisa suposatzen dut, egunero jarri eta kendu beharra nuen. Pertsona bakar batentzako pisu handia zuen. Bizilagunak harrituta zeuden, kontziente ziren ze lan suposatzen zidan egunero. Halako batean, hiru hilabeteren ondoren, terraza egonkortzea lortu nuen. Egunero jarri eta kentzeko operazioa ekuaziotik ateratzea lortu nuen. Beste batzuekin konparatuz hilabete batzuetako atzerapenarekin jarri nuen terraza. Uda bat galdu nuen pandemiaren erdian, oraindik taberna barruan egon ezin zitekeenean, eta hori ez dut barkatzen.
Lau mila eta bostehun euro baino gehiago gastatu nituen terraza hori egiten, udalak mila euro bakarrik eman zizkidan bitartean. Egongo da gehiago gastatu duenik, baino ez diote kenarazi. Eta barkatu esatea, baino ez daukat alkate jaunak duen soldata. Berarekin egindako azken bileran, kontrakoa esan zidan. Nire terraza mantentzea zela bere intentzioa, eta abisu gehiagorik gabe jaso nuen gutuna. Astebeteko epean dena jasota eduki behar nuen.
Badakigu zer gertatuko den orain. Taberna batzuk lan egonkorra izango dute, beste batzuk ez. Gaur egun, terraza gabeko taberna batek etorkizun gutxi du. Ohitura aldaketak tarteko ez dugu margen gehiegirik egoera hau iraultzeko. Ekonomikoki datorren ostia kontutan hartuta, ez du ematen lehen begiradan laguntzeko daudenik, jakin badakitenean hurrengo hilabeteetan taberna asko kinka larrian egongo direla.
Gauzak horrela, batek ezin du aurreratu bihar non egongo den. Ziurtzat jo dezakedan bakarra gaur hemen nagoela da, eta hurrengo hilabeteetan erabakiak hartzea tokatuko zaigu. Batzuk lana sortzen ari direla esango dute eta beste batzuk lanik gabe geratuko dira, bejondeizuela!
Motibazioa bilatu beharko dugu, nahiz eta orain ez nagoen oso motibatuta. Zortedunak zuek, hau irakurtzerako urriaren 15eko kontzertuak antolatuta genituela. Joseba B. Lenoir, Slim Jim & The Redeemers, Ginger eta Joseba Irazoki eta lagunak. Ez dago jakiterik zer gertatu behar den bihar, baina bai zer nahi dugun egin gaur. Gora musika! Eta gora Motz!