Porru Kaleko Festak ospatu dituzte Beasainen asteburuan zehar. Beste urteetan uda amaieran egiten zuten festa hau eta aurten, azken urteetako data aldatu eta joan den asteburuan berriro ere Beasaingo gazteek elkartzeko eta ondo pasatzeko aukera izan zuten. Porru Kalea izena eman zitzaion Oriamendi Kaleari duela lau bat urte, herriko gazte lokal gehienak kale berean zeudela ikusita. Geroztik, biltzen hasi ziren lokal horietako kideak eta egun, urtean behin festa handi bat antolatzen dute, guztiak elkartu eta harremanak egiteko.
Lehenengo urteetan jai xumeagoa egiten hasi ziren, hala nola, sagardo dastaketa bat edota arratsalde bateko egitaraua. Urteak aurrera joan ahala, jaia geroz eta dimentsio handiagoa hartzen joan da eta egun, Beasaingo gazteek harremanak egiteko duten jai garrantzitsuenetakoa bilakatu da herrian.
Bi eguneko egitaraua
Aurtengoa pandemia ondorengo lehenengoa izan da eta bi eguneko egitaraua prestatu zuen Porru Kaleko Jai Batzordeak. Ostiralean, urriaren 21ean, sagardo dastaketarekin eman zieten hasiera asteburuari. Ondoren, txupinazoa izan zuten, jaien irekiera ofiziala iragarriz eta gauean, DJ Maixu izan zuten oholtzan, Uxue Perez eta Maialen Olano beasaindarrek osatutako taldea. Antolatzaileen arabera, ostiralean batez ere «herriko gazteak ibili ziren festan eta oso giro herrikoia» izan zutela adierazi dute. Horrez gain, Gernika Pasealekuko frontoian giro «bikaina nagusitu zen gauean», diote.
Larunbatean, berriz, bertso bazkaria izan zuten. Paella handi bat egin zuten herriko gazteentzat eta ondoren, June Aiestaran beasaindarra eta Ane Beloki legazpiarra izan zituzten hitzekin jolasean, bertsotan, inguruan zituztenak zirikatuz. Arratsaldean, Orkresta Elektrotxafaranfa elektrotxarangak alaitu zituen Beasaingo kaleak eta 21:00etan kontzertuak hasi ziren. Lehenik etxeko talde bat izan zuten: Muxutruk erromeri taldea. Ondoren, Donostiatik etorritako bi emakumek alaitu zuten giroa, DJ Eman Emak. Larunbateko giroaz ondorengoa dio Porru Kaleko Jai Batzordeak: «Jende asko izan zen egun osoan zehar. Egunez giro herrikoiagoa izan genuen eta gauean, berriz, inguruko herrietako gazteak ere batu ziren festara».
Behin jaia amaituta, atseden hartuko du jai batzordeak, hurrengo urtean berriro ere Porru Kaleko Festak antolatzeko prest egoteko. Aurtengoarekin «oso gustura» gelditu direla diote eta hurrengo urteetan ere jaia antolatzen jarraituko dutela, herriko gazteei «harremanak egiteko espazio bat eskaintzen eta elkarrekin ondo pasatzen».