German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta Kirol psikologoa
Duela egun gutxi Carla Antonellik (trans aktibista, PSOEko diputatu ohia eta Espainiako kongresuan izan den emakume trans bakarra) bere dimisioa aurkeztu zuen eta kritika zorrotzak egin dizkio bere partidua izan denari etengabe Trans Legea atzeratzeagatik, egoera standbyan utziz. Carlak dimisioa aurkeztu zuen, hain zuzen ere bere partiduak Trans Legearekiko duen jarrera pasiboarengatik.
Pertsonalki, ikusten dudana da gauzak ez direla aldatzen legeari dagokionez. Trantsitua hasi nueneko ia egoera berean gaude gaur egun eta 5 urte pasa dira jadanik. 4 urte baino gehiagoko borrokaren ostean ekainean aldatu ahal izan nuen sexua (izena ere bai nahiz eta familia liburuan aldatuta izan) nire Nortasun Agirian eta ezin duzue imaginatu legearen kontuak zenbateko ondoeza eta mina sortu didan, eta zenbateraino eragin duen nire buru osasunean.
Agintean zaudeten horiek, ez dakit nola ikusten gaituzuen, ez dakit zuentzat eguneko gai bat soilik garen, baina hau ez da txantxetarako kontua. Bestela ere, nahikoa konplexua eta zaila da trantsitua egitea legearen aldetik ere jipoiak jasotzen ibiltzeko. Eta beti diot: transfobia gehien legearen aldetik jaso dut. Horrek zer pentsatua eman beharko lizueke. Trans Legea, hitzak dioen bezala, trans pertsonontzako lege bat da, beraz, trans pertsonoi dagokigu erabakitzea zer den egokia guretzat. Pertsona zis batek zer krixto dauka esateko trans pertsonon eskubideen inguruan? Eta aldiz, noren esku dago Trans Legea aurrera ateratzea?
Zuek, Trans Legea behingoz indarrean jartzeko ezer egiten ez duzuen agintari zisek, berdin jarraituko duzue zuen bizitzekin, baina jendea sufritzen ari da, jendea bere buruaz beste egiten ari da eta zuetako askok beste alde batera begiratzen duzue hori gertatzen ari den bitartean. Lotsa eman beharko lizueke. Baina, tamalez, zuetako askok ez daukazue lotsarik, ez eta enpatiarik ere.
Trans Legea martxan jartzea urgentziazko gaia da, beraz, mesedez eskatzen dizuet txorakeriak albora utzi eta behingoz kalbario honi amaiera emateko. Norberak baino ez daki nor den, ea behingoz kazkazurrean sartzen zaizuen eta oztopo gehiago jarri beharrean gauzak errezten dizkiguzuen, hori da eta zuen lana.