Aitor Iraeta • Ormaiztegi
Aitor Iraeta ormaiztegiarrak ahobizi rola hartuko du Euskaraldi honetan. «Nire inguruan baditut kasuak nahiz eta euskara jakin gaztelaniaz hitz egiten diogula elkarri. Ohitura horiek aldatzeko baliatu nahi dut euskaraldia», azaldu du. «Lehen euskaraldia oso eraginkorra izan zen niretzako. Ohitura asko aldatu nituen, baina aldaketak gelditzen zaizkit eta horiek egin nahi ditut», gaineratu du.
Era berean, euskaraz hitz egiteko trebeziarik ez duten baina ulertzen duten ingurukoak euskarara erakarri nahi ditu. «Nik beraiei euskaraz egingo diet, gutxienez». Iraeta euskaldun zaharra da hizkuntzarekiko betidaniko lotura duela aitortu du.
Etorkizunari begira baikorra da. «Euskaraldia amaitutakoan etorriko da 365 egun abizena: Euskaraldia 365 egunetan egiteko aldarria. Euskaraldia amaitzen denean askok lehengo ohiturak berreskuratuko dituzte, baina beste batzuk eutsiko diote. Ediziotik ediziora, jende gehiagoarengan uzten duela arrastoa iruditzen zait. Edo, tira, pentsatu nahi dut». Geroz eta gehiago izanda, urte osoan edonorekin euskaraz hitz egitea errazagoa izango dela ziur dago.
Ormaiztegiarrak feste bete betean harrapatuko ditu Euskaraldiak. Iraetaren ustez, traba baino, abantaila da. «Jaien aitzakian, errazagoa da», azpimarratu du. «Jai giroan, ingurune informal batean, errazagoa da». Festetako egitarauaren barruan Euskaraldiari hainbat keinu prestatzen ari dira.
Euskaraldian zehar Ormaiztegi aldatuko ote den ez du argi. Gustatuko litzaioke kalean euskara gehiago entzutea, baina zalantzak ditu euskaratik aldenduen daudenek parte hartuko ote duten.