Ane Insausti Barandiaran • Lazkao
Aurtengo Euskaraldirako ahobizi rola aukeratu du Ane Insausti kazetari gazteak. «Ahobizi izateak lehenengo hitza euskaraz egiteko konpromisoa eskatzen duelako, eta horixe delako neure buruari jartzen diodan ariketa bat». Euskaraldiaren egun horietatik harago, egunero, egin beharrekotzat hartzen du, gainera. «Askotan, iruditzen zaigu parean daukagun pertsonak ez dakiela euskaraz, edo ez duela ulertzen euskara, baina ez da horrela izaten». Ondorio horretara, solaskideak euskaraz ez jakitearena, «azkarregi» iristen garela dio, eta uste duguna baino gehiagotan euskaraz elkar ulertzeko modua izaten dela dio. «Zuzenean gaztelerara errazegi jotzen dugula, edo jotzen dudala iruditzen zait, eta ariketa honek nire burua proban jarri eta euskarari eusten ahalegintzeko balioko duela uste dut».
Euskaraz hitz egiterakoan parekoak ez dakiela ikustean, deserotasuna sentitzen dela ere aipatu du Insaustik, egoera horri «naturaltasunez» erantzun ordez: «Ulertzen badu behintzat, elkarrizketa bi hizkuntzetan eta euskaraz ahalik eta gehien erabili egin beharko genuke».
Euskaraldiaren aurreko edizioetan ere ahobizi izan da Insausti, eta sorpresa onak jaso dituela nabarmendu du.