Maria Jauregi • Zumarraga
Maria Jauregi urretxuarrak 30 urte ditu eta Zumarragako Udaleko Euskara sailean lan egiten du, dinamizatzaile gisa. Euskaraldia sustatzeko lan egiten ari da. «Lehen edizioko boom-a pasa zen, baina ilusioari eusten ari gara. Norbanakoekin, elkarteekin, merkatariekin… lan egiten ari gara».
Azken urteetan euskararen erabilerak behera egin du Urretxun eta Zumarragan. «Datuak kezkagarri samarrak dira. Hori dela eta, Euskaraldian parte hartzea garrantzitsua da. Izan ere, euskararen erabileran eragin dezake. Herritarrak parte hartzera animatu nahi ditut. Egun jakin batzuetako ariketa da, baina ohiturak aldatzeko balio dezake».
Jauregi euskaldun zaharra da. «Gaztaroan euskaraz hitz egiteko ohitura galdu genuen eta berriro euskaraz hitz egiteko lan egin dut. Euskara erdigunean jarri dut».
Aurtengo Euskaraldian belarriprest rola jokatuko du. «Rolak ez ziren ondo ulertu. Nahiz eta euskaraz jakin, beharbada toki batzuetan ez zara eroso sentitzen euskaraz hitz egiten. Kuadrillan denbora guztian euskaraz hitz egiteko gai sentitzen ez bazara, belarriprest izan zaitezke. Toki batzuetan gazteleraz hitz egitera ohitua nago eta ez dut uste toki horietan %100 euskaraz egiteko gai izango nintzatekeenik».