Kontxi Rodriguez • Itsasondo
Berrogeita hamargarreneko hamarkadan, Galiziatik, Ourenseko landa herrixka batetik Goierrira lanera etorri zen familia bateko alaba da Kontxi Rodriguez. Aita etorri zen lehenik; trenbide sarea eraikitzeko lanean jardun zuen. Ama etorri zen ondoren. Lazkaon asentatu ziren, eta urte batzuetara jaio ziren haien hiru seme-alabak, tartean Kontxi. «Etxean gazteleraz eta galegoz hitz egiten zen, eta garai hartan, eskola nazionalera joaten nintzenez, euskararik ez nuen eman kozkortu nintzen arte, eta orduan ere, astean ordubete baino ez nuen». Kalean ere, «inguru erdalduna» zuen.
Testuinguru horretan ere, euskara ikasi zuen eta ondo moldatzen da gainera. «Gramatika askorik ez dakit, eskolan ikasi nuena, eta hitz egiten berriz, kalean eta nire seme-alabekin ikasi dudana». Itsasondoko eskolan ere lan egin zuen jangelan, «hor ere asko ikasi nuen». Gaur egun bere lehen hitza «euskaraz» da beti.
Euskaraldian belarrisprest izango da Rodriguez: «Egoera kaskar samarra den arren, espero dut merezi duen oihartzuna izatea, jendea animatzea eta euskararen erabilera hedatzea. Horrelako ekimenak babestu egin behar dira, eta esfortzua egin behar da aurrera atera daitezen».