‘Ikaratu gabe, hikaratu hadi’

Hikaldia-Aittu

Beasaingo Aittu euskara elkartearen ekimenez, Euskaraldiak irauten duen hamabost egunetan, Hikaldia ere egingo dute Goierriko gazteek eta Beasaingo familiek. «Ikaratu gabe, hikaratzeko» deia egin dute. Hitanoaren erabilera areagotzea baino helburu sakonagoak ditu egitasmo berriak.

Izan ere, Goierriko gazteen arteko harreman sarea sortzeko  proposamen berritzailea da Hikaldia. Euskara gazteen arteko elementu bateratzailea izateko helburua du, lagunartea eta kuadrilla ardatz hartuko duena, hitanoa bultzatzen duten bitartean. Hikaldian parte hartzen duenak bere burua prest azaltzen du berari hikaz aritzeko. Euskaraldiko txapak erabiliko dituzte gazteek ere, Hikaldiaren H-a gehituta.

Adinkideen arteko transmisioa

Transmisioan jarri nahi dute indarra.  Aittuko lehendakari Patxi Saezen esanetan, «adinkideen arteko harremanetik sortzen den transmisioan. Hikaldiak hori proposatzen du: Gazteak  elkartu eta adinkideen arteko sozializazioa eginez, hitanoaren transmisioa egitea». Alde horretatik ere bada egitasmo berritzailea. «Hitanoaren eta hizkuntzaren transmisioa beti pentsatu izan da, goitik beherakoa dela. Gurasoak seme-alabei… Baina Paula Kasares hizkuntzalariak beste kontzeptu bat ekarri du: Transmisioa ez, sozializazioa alegia. Adinkideen arteko harremanetik sortzen den transmisioa nolabait esateko. Hikaldiak hori proposatzen du. Gazteak elkartu eta adinkideen arteko sozializazioa eginez, hitanoaren transmisioa egitea.

Hamabost eguneko ariketa sozial horretan, herri txikietako gazteak izango dira eredu. «Herri txikietako gazteek hitanoaren erabilera oso handia dute. Badakigu gizonezkoena handiagoa dela emakumezkoena baino». Beasaingo Institutuan, adibidez, «herri txikietako gazteak elkarren artean hikaz aritzen dira, eta Beasaingoak maiz deseroso aurkitzen dira hitanorik ez dakitelako. Batxilergoa aldaketa garaia eta mudantza garaia gertatzen da gazteentzat harreman-sare berrietan txertatzen direlako.  Aldaketa eta harreman berri horietara egokitu nahian Beasaingo gazteetako batzuk hika egiten ikasten dute. Hikaldiaren  bidez hitanoaren ikasketa hori sustatu eta indartu nahi dugu», nabarmendu du Saezek.

Ikasi eta erabili

Ikerketek erakusten dutenez, gazteen aktibazioa egoera informaletan gertatzen da, eta « hitanoa hizkera informala da». Horregatik erabaki dute hitanoa kanpainaren oinarri hartzea. Ez dakitenei erakusteko neurriak hartuko dituzte, hika ikastaroak antolatuz eta eskoletarako unitate didaktikoak eginda. Beasaingo Udal Euskaltegia, Goiztiri AEK eta Lazkaoko Maizpide euskaltegiak emango dituzte ikastaroak.

Goierriko gazteen arteko harreman sarea sortzeko  proposamen berritzailea Hikaldia

Bestalde, hizkuntza bat praktikatuz ikasten denez, ezagutzarekin batera, praktikarako aukerak ere sortuko dituzte, Goierriko gazteen Hikabikotea egitasmoa sortuta. Bikateko egingo da. Egunero erronka bana jarriko diete bikoteei, eta audio fitxategiekin hainbat ariketa osatzeko. Ariketarik onenak saria izango du: Kattalin jatetxean Txangurro menua.

Amaiera emateko, berriz, gazte eguna antolatuko dute, abenduaren 3an, Beasainen.

Familiak ere bai

Gazteekin batera, Beasaingo  familiek ere parte hartuko dute Hikaldian. Saezen esanetan, «erronka polita iruditu zitzaigun familientzat hitanoaren transmisioari ekiteko». Bigarren Euskaraldian, 2020. urtean, erakundeen izen-ematea etorri zenean Beasainen familien izen ematea sustatu zuten. Ehun familia inguruk eman zuten izena Euskaraldian parte hartzeko. Iaz, berriz, 2021. urtean, Helduok Heldu ekimena sustatu zen eta hor ere herriko 80 familia inguruk parte hartu zuten (gehienak guraso gazteak haur txikiekin).

«Ekimenaren balorazioa egiteko galdetegi bat bidali genien eta jasotako erantzunen artean, batez ere familia euskaldunetan, beraien etxeetan aldaketarik ez zela gertatu zioten, euskaraz egiten zutelako ekimenaren aurretik eta baita ondoren ere. Beasainen hitanoaren transmisioa oso familia gutxitan egiten denez Hikaldia erronka polita iruditu zitzaigun familia horientzat hitanoaren transmisioari ekiteko».

Gaztealdia azaroaren 14tik 18ra

Gazte Euskaltzaleen Sareak Gaztealdia antolatu du azaroaren 14tik 18ra bitartean. Euskaraldiaren Hitzez ekiteko garaia da leloari, Ekintzez hitz egiteko garaia da gehitu diote. Izan ere, gazteen ustez, euskararen aldeko hautua egitea oztopatzen duten faktoreak «egiturazkoak» dira: «Hamaika oztopo bizi ditugu euskaraz bizitzeko hautua egiten dugun gazteok, eta dena ezin da norbanakoaren motxilaren gain utzi. Horregatik diogu, Euskaraldiak proposatzen duen ariketa babestu eta parte hartzeko deia egiteaz gain, Ekintzez hitz egiteko garaia ere badela. Ekintzez ari garenean, egiturazko baldintza egokiak sortzeaz ari gara, gazteok etengabeko estres linguistikoan bizi behar ez gaitezen; hau da, gaur-gaurkoz horrela bada ere, etorkizunean egunerokoan euskaraz bizitzea ahalegin bat suposatuko ez duen hautu politiko kontziente bat izan behar ez dadin».

Sareko kideek bere egin dute Euskaraldiaren leloa: «Ados gaude, eta uste dugu gazteoi ere badagokigula hitzaren ekinez euskararen alde egitea». Baina horrekin ez dela aski ohartarazi dute. Horregatik, duela bi urte bezala, Euskaraldia hasi aurreko lau egunetan euskara hutsez bizitzeko hautua egitera gonbidatu dituzte gazteak eta testigantzak kontatzera sare sozialetan, #EuskarazBizikoGara traola erabilita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>