Euskaraldian parte hartuko du Aitor Calvillo ordiziarrak aurten ere, aurreko ekitaldietako esperientzia errepikatuz. «Euskara da nire lehenengo hizkuntza: etxekoa, lagunartekoa, ikasketetakoa, euskara da nire lan erreminta ere, 23 urte daramatzat AEKn lanean… Nire bizitza euskarari lotuta egon da beti», azaldu du.
Dena den, «ez naiz erabat euskaraz bizi, euskara normalizatu gabe dagoelako Ordizian ere». Euskararen egoeraren inguruko hausnarketa egin nahi izan du Calvillok: «Euskal Herrian zehar dagoen ustea da, Ordizian euskaraz bizi garela denok, baina bertakoa izanik eta kalean entzuten dudanagatik, esan dezaket, hori ez dela guztiz erreala». Adin batetik aurrerakoek, «gaztelaniaz egiten dute eta ez dute euskara ikasteko eta erabiltzeko inolako intentziorik». Gazteen artean, «gurasoen araberako jarrerak izaten dira». Eta gaztetxoenen artean, «nahiz eta datu soziolinguistikoek dioten euskara egiten dutela barra-barra, nik jasotzen dudana da gaztelerara jotzen dutela, baita beste hizkuntza batzuetara ere».
Gauzak horrela, «ohiturak aldatzen hasteko garaia da, eta horretarako urte osoko lana behar bada ere, Euskaraldia bezalako ekimenak «oso garrantzitsuak» iruditzen zaizkio.