Aitor Sarriegi Galparsoro • Irakaslea eta bertsolaria
Urte batzuk badira, salbuespenak salbuespen, lanera joan-etorriak egiteko trena eta bizikleta konbinatzen saiatzen naizenetik. Horretarako zortea dugunok ere urtetan ibili gara errepidean, lanetik irten eta etxeratzeko presak bikote ona egiten baitu gure bizimodu erosoarekin. Euria dela, ilundu duela… beti aurki liteke nork bere burua engainatzeko moduko arrazoi edo aitzakiaren bat.
Nire kasuan ekonomiaz bestelako arrazoiak medio hasi banintzen ere, ez dago ukatzerik azken hilabeteotako joera beste bat izatea ulertzekoa dela. Zuritoaren edo ogiaren prezioa bost zentimo igo balute bezala onartu dugu erregai fosilen prezioa bi urteko tartean ia… bikoiztea. Normalagoa irudituko litzaidake kontrako erreakzioa kaleari su ematea izango balitz, baina lasai jarraitzen dugu pintxo-potean. Egiari zor, kaleari su emateko ere erregaia behar baita. Hainbestetan entzuten ditugun garraio-ohitura aldaketak kontzientziatik baino poltsikotik etorriko direlakoan nago, eta egoera horretaraxe behartzen ari direla iruditzen zait gainera. Maialen Lujanbio bertso-eskolan apuntatzea baino amortizatuago dagoen bidean ordain-sariak (ez ote lukete ordain-zigor izena izan behar?) jarri zizkiguten Beasaindik Zumarragara. N-1 errepideko sarrera-irteerak ere zubiz josten ari dira, eta denok dakigu ez direla errepidearen alde batetik bestera pasatzeko izango.
«Erabili trena, erabili garraio publikoa» esaten digute, eta Mugi txarteleko hobarien ostean (bide batez, kargatzeko sistema Irulegiko eskua baino arkaikoagoa iruditzen zait) doako tren-txartelaren amarrua etorri zen. Amarrua, diot, trenbidean egunero gabiltzanok goizero ikusten dugulako zenbat hazi den trenaren erabilera, eta trenera igotako geltokiaren arabera bide osoa zutik egin behar duen jende asko dagoelako. Amarrua, erabaki horiek hartu dituztenetatik inor ez dudalako trenean bidaiatzen ikusten, eta benetan garraio publikoan sinetsiko balute, tarteka tren-geltokira etorri eta benetan behar dena doako txartela ez, baina tren-ordutegi jarrai eta zabala dela ikusiko luketelako.
Eta badakite. Nahiago izan dute, ordea, publikoki aitortzeko lotsarik izan ez duten moduan, milioika euroko gainkostu eta urtetako atzerapenaren ostean gure oraingo eta geroko diru guztiak irentsi eta mundualdi honetan martxan ikusiko dugun ziurtatzerik ez duten tren-sarea eraikitzea, benetako beharrei erantzun ordez. Europarekin lotzeko ezinbestekoa omen zen. Mugi daitezela, bada. Garraio-eredu jasangarri baterako azken trena iritsi da geltokira. Eta ez galtzea komeni zaigu.