Eider Ruiz de Gordoa Puebla (Zumarraga, 1998) biologoa da eta albaitaritzako laguntzailea eta animalia zoologikoen zaintzailea izateko ikasketetako praktikak burutzen ari da Katalunian. Horrez gain, ikerketa bat egiten ari da praktikak egiten ari den leku berean, Zoo del Pirineuen.
Egun praktikak egiten ari zara Zoo del Pirineun. Zein ibilbide izan duzu horra iritsi arte?
Lehenengo biologia ikasi nuen, Leonen (Espainia) eta hau amaitzean, Masterren bat egitea pentsatu nuen animalien gaian eta zehazki animalien jarreren gaian espezializatzeko. Master egokirik topatu ez nuenez eta argi nuenez animaliekin lan egin nahi nuela kurtso bat egitea erabaki nuen. Albaitaritza laguntzailea eta animalia zoologikoen zaintzaile kurtsoa egiten hasi nintzen, animalien jarrerak aztertu eta hauek ulertzen ikasteko. Egun, kurtso honetako praktikaldia egiten ari naiz Katalunian, publikoari irekita dagoen animalia basatien babeslekuan.
Zer moduko esperientzia izaten ari da praktikaldi hau? Espero zenuen bezalakoa da lana?
Bai, egia esan espero nuen bezalakoa da. Oso gustura nago gainera, izan ere, autonomiaz jokatzeko aukera daukat hemen ia une oro eta praktiketako ikaslea izanda ere, asko hartzen naute kontuan, ardurak nire gain hartzeko aukera izanez. Esperientzia bikaina izaten ari da animaliekin lan egitearena eta aspalditik izan dudan desio bat izanik, asko ari naiz disfrutatzen momentua.
Praktikaldiaz gain ikerketa bat egiten ere ari zara. Eman ikerketa honen gako batzuk.
Ikerketa hau egiteko proposamena praktikak egiten ari naizen lekuan jaso nuen, izan ere, albaitaritzako laguntzailea eta animalia
zoologikoen zaintzailea izateaz gain biologian graduatua naizela ikusi baitzuten eta arlo honetatik ere beste aukera bat eman didate. Animalien babesaren inguruko ikerketa da, animalia inprentatuena. Animalia inprentatuak txikitatik gizakiekin harremana izan dutenak dira, espezie berekotzat hartzen dituztelarik gizaki horiek. Beraz, animalia hauen jarrerak ez dira gainontzekoenen berdinak izaten. Ikerketa honetarako txikitatik gizakiekin harremana izan duten azeriak hartu ditugu aztergai eta mekanismo neurologikoak aztertzen ari gara hauen jarrerak ulertu eta aztertzeko, haien ongizatea bermatze aldera.
Duela gutxi animalien ongizateko araudian aldaketak egin dituzte eta aldaketa horiek direla eta, animalien babeslekuek, suspertze-zentroek eta abarretan bete beharreko baldintzak gogortu dituzte eta hemendik aurrera animaliak gizakiarekin izandako harreman horren beharrezkotasunaren justifikazioa egin beharko dute. Hau hala izanik, ikerketan animalia inprentatuen ongizatea bermatzeko hauen jarrerak aztertzen ari naiz, Bartzelonako unibertsitateko etnologo baten laguntzarekin eta gai hau lantzen duten beste zenbait zentrorekin elkarlanean.