Beasaingo Aittu Euskara Taldeak gazte taldea ere badu eta gazte talde honen ekimenez Aittugazte eune antolatu dute. Abenduaren 3an hitzordu garrantzitsua ezarri dute Beasaingo eta Goierriko euskaltzale gazteentzat. Aurten, abenduaren 3a larunbata dela kontuan izanik, egun osoko egitaraua prestatu dute, ohi bezala euskara bultzatzeko helburuarekin. Gazteei zuzendutako eguna izango da, izenak dioen moduan.
Goizean 11:00etan, joaldunekin hasiera eman eta trikipoteoak emango dio segida egunari. Goizeko 12:00etan hasiko da trikipoteoa. Ondoren, 14:30ean bertso-bazkaria izango da. Bertan, entsalada, paella eta euskal pastela izango dituzte menuan. Bazkalostean hasiko da bertso hotsa Gernika Pasealekuko frontoi estalian, hiru bertsolari goierritarrekin. Aratz Igartzabal gabiriarra, izango da bertsolarietako bat; beste bat Mikel Etxezarreta gazte olaberritarra eta hirugarrena, June Aiestaran beasaindarra arituko da, beste behin herrian kantatzeko aukera izanik.
Atsedenaldi txiki baten ondoren, 19:00etan elektrotxaranga izango da herriko kaleak girotuz eta amaitzeko, 22:00etan hasita, Mugi Panderoa erromeri taldea izango dute Gernika Pasealekuko frontoian. Talde hau aski ezaguna da jada Euskal Herriko zenbait txoko alaitzeagatik eta azken aldian herriko jaietako egitarau askotan ikusi ahal izan ditugu.
Asier Saez, Aittuko gazte taldeko kidea: «Arratsalde partean eta gauean jende ugari ibiliko dela uste dugu. Giro polita sortuko da herriko gazteen artean»
Euskara aitzakia
Aittuko Euskara Taldeko gazte taldeko kide den Asier Saezek dioenaren arabera, euskararen eguna larunbata izanik aurten, gazteei bideratutako euskararen eguna antolatzeko erabakia hartu dute, «herriko gazteengana iritsi eta euskara aitzakia harturik giro euskaldun batean aisialdi eskaintza bat egiteko herriari». Egun osoko egitaraua izan da emaitza.
Aurreikuspenei buruz galdetuta ondorengoa erantzun du Saezek: «200 pertsona ingururentzat egongo da lekua frontoian bazkaltzeko, baina lekuak libre geratuko direlakoan gaude, izan ere, jendeak jada planak eginak zituen aurrez, hala ere, arratsalde partean eta gauean jende ugari ibiliko dela uste dugu. Giro polita sortuko da herriko gazteen artean».