Aratz Aranburu Insausti • Arriaran
Hegoak zabaldu, haize ufada errimearekin aireratu, eta, zuhaitz gaineko argiaren begitik kantatuko dizut, Arriaran. Aspaldi elkartu ginen. Aspaldi, haize gorriak elkartu gintuen. Zure bihotza ezagutu dut, zure erraiak ezagutu, baita larruazala ere. Itsasoarra batzuetan, batzuentzat; beasaindarra besteetan, besteentzat; arriarandarra, ordea, esentzian.
1914. urteko argazkia datorkit gogora. Apaiz-etxea, eliza, Intxaurrondoa bera bien artean. Intxaurrondo ederra, intxaurrondo mardula, intxaurrondo joria. Bidaide izan ginen hainbat hamarkadetan. Gaur, bere gerriari oratuta kantatuko dizut.
Kantatuko diot, zure beso-zangoetan eraikitako errepideari. 1930. urtearen aurretik bide zaharrak zeharkatzen zintuen. Ibarre baserria elizarekin lotzen zuen lehenengo, eliza Ola baserriarekin ondotik, eta Korta-ra jarraitzen zuen, ondoz ondo, erreka lagun. Bide hau bera ei zen Garin eta Astigarreta-ra jarraitzen zuena. 1933. urte inguruan, errepide berriaren eraikitze lanekin hasi ziren. Lanak burutu bitartean, Beasaingo Gorrotxategi deiturikoren bat, kanpin-dendarekin egon omen zen bertan, kaminoa eraikitzen ari ziren langileentzat otorduak sukaldatzen. Ondorengo urteetan ikusi zuten automobila lehenengoz Arriaranen.
Argi indarra XX. mende erdian
Kantatuko diot, argi-indarra hainbat baserrietara eroateko obratutako elkarlanari. XX. mendearen erdialdera izan zen hura. Zabalondo, Serotegi zein Ola baserriko bi familik gauzatua. Baserrietara iristen zen argi-indarraren kalitate eskasa zela-eta, ur-kanala eraikitzea erabaki zuten; pizarreri zaharra zeneko iskinatik kanala hartu eta Ola-n zegoen depositura bideratu zuten. 700 m. luze, 50 zm. zabal eta 70 zm.ko altuera zuen kanalak. Turbina, beheko txabolan jarri zuten, urak mugitu, eta hala sortzen zuen argi-indarra. Ondotik, lau baserrietara banatzen zuten. Eskuz obratu zuten lan hura guztia, baita harria moztea ere, familia bakoitzeko bina senideren eskulanari esker. Onura nabarmena ekarri zien obra hark lau baserriei. Bitxikeria moduan, esan, ur gutxiko garaietan, turbina ezin mugitu, eta, ipurtargiarekin egoten zirela.
Atzenez, kantatuko diet, Jose Martin Insausti-ren infernuko hauspoak konposatutako notei. Eskusoinu hark hitz egingo balu, bere altzoan jasotako ferekak kontatuko lizkiguke, Jose Martin-en atzamarren joan-etorriez ariko litzaiguke. Zenbat abesti goxo kantatu genituen arriarandarrok bere babesean… Zenbat dantza, oinak arin-arin, bere epelean… Larrinaga Guerrini.
Intxaurrondoaren gerriari lotuta
Kantari jarraituko dut, argiaren begiak lez, etengabe, zuhaitz gaineko adarrean pausatuta, Intxaurrondoaren gerriari oratuta. Kantuan, Arriaran zainduz. Kantuan, Arriaran babestuz. Kantuan, Arriaran maitatuz.