Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Aurreko batean, ikasle talde batek argazkia atera niezaien eskatuta, guztiak enkoadratu eta klikatzera nindoanerako, eguzkiaren irteera azkarraren moduan argitu zitzaizkien aurpegiak irribarre zoriontsu perfektuak irudikatuz. Keinu arruntetatik bapateko distirara pasatzearen dohain hori deigarria egiten zait eta gainera gure osaba bat ere gogora ekarri izan dit. Leandro Telleriak, herriko argazkilari ofizialak, aparteko denbora eta ahalegina eskaintzen zion jaunartze, boda edota erretratoetako protagonistek aurpegiko keinu arruntak eta serioak alda zitzaten. Eskertuko zukeen haretxek gaurko hauen trebezia horixe.
Aurpegiera horien moduan itxuraldatu ohi ditugu geure izateko eta jokatzeko moduak ere. Are gehiago gabon inguru hauetan. Festa hauek benetan sinetsi eta bizi dituztenek nahiz hipokresiaren dinamika honetatik ihes egiten dutenek gogorarazten diguten moduan, momentuko eskuzabaltasunaren izpirituek, kontzientzia garbiketek, ilusio faltsuek, gala solidarioek, gure bizilekuak apaingarriz bete beharrek, gehiegizko mezu nahiz iragarkiek, aparteko erosketa eta opariek, familiarekin derrigorrez egon beharrek, tripakadek, kotilioiek eta halako abar luze batek eramaten gaituzte, besteak beste, ez garen horretara.
Ezaugarri ugarik bereizten gaitu gainerako izaki bizidunengandik. Hainbat arlotan garapen hadiagoa lortu dugu, ez ordea beste askotan. Garena, ez garena… zer ote gara?