Oihane Vicente • Dantzaria
Euskal dantzetarako askotan erabiltzen dugun baserritar jantziak egoera deserosoak sorrarazten ditu, gizartea erdibitzen du eta haurrak batzuetan beharrezkoa iruditzen ez zaidan erabaki bat hartzera behartzen ditu. Nire irakasle esperientziatik hitz egingo dizuet.
Orain dela lau urte, euskal dantzetako ikasturte hasieran, ama bat etorri zen bere bi alabekin, eta esan zidan bere 7 urteko alabak ez zuela euskal dantzetan izena emango kalera dantzatzera irteteko orduan eta baserritarrez janzterakoan, bere alabari ez zitzaiolako gustatzen gonak janztea. Ama hori ezagutu berri nuen, momentuan ez nintzen ausartu gehiago galdetzen, eta ez nuen berarekin gaiaren inguruan sakondu, baina nik iritzi garbi bat neukan: bere alabak jantzi zezala nahi zuen baserritar arropa, betiko bi aukeren artean. Bere alabak ez zuen euskal dantzetan izenik eman probatzeko interesa izan arren. Beste alabak izena eman zuen. Ez diot ama horri errurik botatzen, amak alaba babesteko egiten zuela pentsatu nahi dut, bere ingurutik etor zitezkeen iritziez eta abar.
Aurten, plazan dantza egiteko prestatzen ari ginen entseguetako batean, Anek (16 urte) esan dit berak mutilen jantzia jantziko duela. Niri esan dit zuzenean, ez da gurasorik egon bitartekari bezala. Anek eta bere inguruak erabat normalizatuta dauka hau horrela dela eta aurrerapauso handia dela uste dut.
Gure egunerokotasunean aurrerapausoak ematen ari garen bitartean, euskal dantza tradizionalak taularatzeko erabiltzen ditugun jantziak oraindik generoaren arabera sailkatzen jarraitzen dugu. Eta euskal dantzari batek, gizarteak beregandik espero ez duen zerbait jantzi nahi badu, azalpenak eman behar ditu oraindik.