Maite eta Izaskun Izagirre Sarriegi • Mirentxu liburu denda (Beasain)
Durangoko Azokaren inguruan argitalpen berri ugari iristen da liburu dendetara. Eguberri garai honetan, liburua beti da oparitzeko aukera ona.
Haurrak. Txikienentzat oso liburu politak eta ikusgarriak daude. Liburu ilustratuak, albumak, jolas liburuak, komikia… Aukera oso zabala dago. Uraren liburu handia, Peru sagutxoa eta Traktoretxo eta oreinkumea dira hiru aukera. Liburu interaktibo bat ere aipatu nahi genuke, Basoan jolasean; eta familian jolasteko, Beldurrezko enigmak jolas liburua.
Irakurle koskortuagoentzat, bildumetako urteroko liburu berriak daude. Onin bildumako 9. liburukia, Arimen gaua; Nurren 17.a, Espazio-ontzia; eta Txano eta Oscarren 11. liburua, Besarkada bat Susiri.
Liburu ilustratuak ere aukera ona izaten dira liburuak maite dituzten irakurleentzat. Abereen etxaldea, Maitagarriak eta Sorginak dira labetik atera berriak. Eta urtero hutsik egin gabe liburudendara iristen diren Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ipuina eta CDa, eta Goazen telesaileko liburua eta CDa.
Helduak. Helduetan ere aukera zabala dago, eta aukera zabaltzen ari da. Esate baterako, Manga komikia euskaraz irakurtzeko aukera ere badago orain, Cube Arts. Etxeko idazleen lanen artean, Mikel Alvarez Sarriegiren Euskalia nabarmendu behar da. Umore puntu onarekin, erraz irakurtzeko liburua.
Nerea Ibarzabalen Bar Gloria, Anari Alberdiren Gari eta Goroldiozko eta Jon Arretxeren Lyrica garaia nobelak ere aipatu nahiko genituzke. Eta nola ez, irakurleen artean arrakastarik handiena duen nobela beltzean, Ruben Ruizen Beti Mugan, Alberto Ladron Aranaren Ilunpeko zelataria eta Andoni Agirrezabalaren Etxe berdea. Itzulpenei dagokionean, Julio Villarren E, petrel klasikoa euskaratu du Ibon Gaztañazpik.
Komikietako proposamenak ere baditugu: Black is Beltza Ainhoa, Ramon Olasagastiren Bakarrik eta libre, Harrieten Inoiz ez, Lehoi ogroa eta Harald eta Igniren altxorra, Garazi Albizuaren Iruleak eta Eke Fundazioaren sormen bekaren Lurbinttoko ohoinak.
Gipuzkoako liburu dendek banatzen ditugun Euskadi Sarietako liburu sarituak ere aukera ona dira irakurketarako: Euskaraz, Ana Malagonen Ez dakit zertan ari zaren; gazteleraz, Delphine Viganen Las gratitudes; komikian, Teresa Valeroren Contrapaso.
Musika. Musika zaleentzat azken proposamena: Imanolen antologia (eta 2 cd) eta Eñaut Elorrietaren Fantasia.