Antxiñe Mendizabal Aranburu • Idazlea eta editorea
Idazlearen hitzetan: «Bizimodu aldaketa erradikal batera presaka egokitu behar izan dutenen istorio bat da Bar Gloria. Etxearen esanahia aldatu, lur berrira errotu eta lehenbailehen hazi nahi izan dutenena». Lana, helduarora esnatzea, desira eta komunikazioa ditu, besteak beste, hizpide.
Bar Gloria herri erdigunean dago, erreka bazterrean, tren geltokitik gertu. Mostradore altu bat eta beiratedun jantoki bat ditu, baita disekatutako idi buru bat ere sarrerako ate gainean. Fabriketako langilez betetzen da goizetik, eta familiaren baserritar jatorriak ere baldintzatzen du tabernaren izaera, zeinak inguruko herrietako landa eremuko jendea ere erakartzen duen.
Taberna itxi eta garbiketa lanekin bukatzean, mahai beraren bueltan biltzen dira gauero Ana, Rakel eta Migel. Lanak elkartu ditu kontakizuneko hiru protagonistak: «Lanak harrapatutako jendea kontatu nahi nuen liburu honetan, hara eta hona dabiltzan bitartean filmatu». Idazleak Bar Gloria-n preso sentiaraziko du irakurlea eszenaz eszena, sorgin-gurpil batean atera ezinik diruditen pertsonaien antzera.
Horrenbestean, ihes egiteko desira sentituko dute, nork bere modura: «Iraganeko eta etorkizuneko irla hobeak dauzkate buruan, baina mostradorea hesi bat da, edo beti haien zain egongo den babesleku ezagun bat». Bar Gloriaren erreturak baino ez du lortuko pertsonaiek beren kabuz ezin dutena; su garbitzailearen antzera, errautsak biziberriko ditu guztien bizitzak.
- Izenburua: Bar Gloria
- Egilea: Nerea Ibarzabal Salegi
- Argitaletxea: Susa