Ibone Etxezarreta • Aintzane Alberdi farmazia (Zaldibia)
Botikaria naiz eta gaurkoan, nire eguneroko lanean hainbat duda eta galdera sortzen dituen gai bati buruz jardungo naiz. Orokorrean, sendagaiak lortzerakoan Osakidetzako txartela erabiltzen dugunean ez dugu arazorik izaten baina batzuetan jendearen artean duda batzuk sortzen dira. Beraz, duda horiek argitzeko, prozesu honen pausoak laburbilduko dizkizuet:
- Errezeta programan sartuta dauden botiken bila etortzean, nahitaezkoa da Osakidetzako txartela ekartzea. Botikariok, zuen izen-abizen eta NAN-arekin ezin dugu jakin zein sendagairen bila zatozten. Izan ere, txartelak duen banda magnetikoa irakurri beharrean gaude, zuri agindutako sendagaia zein den ikusteko. Badago salbuespen bakarren bat, adibidez, txartel berri bat eskatzean probisionala ematen dizutenean edo txarteleko banda ez dabilenean (zuri dagokizun osasun zentroan eskatu beharko zenuke berri bat). Salbuespen hauetan, ezin denez banda irakurri, moldaketa bat egiten dugu. Baina behar ez duzuen sendagaien bat emateko arrisku txiki bat dago, eta irakurriz gero arrisku hori zerora murrizten da.
- Behin txartela pasa eta gero, ikusten dugu zein botikak dituzuen eramateko moduan. Batzuetan tratamendu kronikoei dagozkien sendagaiak dira eta beste batzuetan, berriz, gaixotasun akutu bati aurre egiteko dira.
Lehenengo kasuan, urte bete irauten du botikak Errezeta programan sartuta. Behin, urte bete pasatzen denean, medikuak tratamendua berrikusten du zuen tratamenduari jarraipen bat emanez. Zuzenketarik behar ez denean ontzat ematen dute. Medikuak ontzat emateko edo guk deritzogun bezala aktibatzeko dagoen bitartean, Errezeta programak ez digu uzten botikarik banatzen, eta zuei dagokizuen osasun zentrora jo behar duzue tratamendua aktibatzeko eskatzen. Horrexegatik, nire gomendioa da, badaezpada botika kaxa bukatu baino gutxienez aste bete lehenago bila etorri zaiteztela. Sendagaia, botika kaxa amaitu baino 10 -15 egun lehenago jaso daitezke.
Gaixotasun akutu bati aurre egiteko botikak behar badituzu, berriz, tratamendua osatzeko adina botika eraman ahal izango duzu. Baina kontuz ibili, zeren eta tratamendua desaktibatu egiten da, hau da, tratamenduarekin hasi behar zaren garaian ez bazara botikaren bila joaten, suposatzen da ez duzula sendagai horien beharrik eta botikatik jasotzeko aukera iraungi egiten da. Botikariok ezin dugu aldatu ez eta ezabatu Errezeta programan azaltzen den ezer, guk botikak dispentsatu ditzakegu, baina edozein aldaketa medikuak egin behar dizu.
- Behin behar dituzun botikak jaso eta gero, zure lan erregimenaren arabera ordainduko duzu. Hau da, langile, langabezi edo pentsiodun taldearen arabera. Talde bakoitzean egoera eta baldintza desberdinak daude irabazien arabera.
Amaitzeko, eman dezakedan aholkurik hoberena dudatan bazaude guregana jotzea da, botikan edozein galdera erantzuteko prest baikaude.