Bernardo Alberro, iluna bertsoz eta soinuz argitua
Maiatzaren 24an hil zen, Ordizian, Bernardo Alberro Anabitarte soinu jotzaile eta bertso jartzaile herrikoia, 99 urterekin. Astigarragan (Gipuzkoa) jaioa zen, Ergobia auzoan, 1927ko apirilaren 27an. Zazpi senidetan zaharrena, 17 urterekin bihurritu zitzaion bizimodua. Astigarragako tranbiaren kotxera berriak eraikitzeko lanetan zebilela, aldamio garai batetik erori eta buruhezurra hautsi zuen 1944ko garagarrilaren (ekainaren) 5ean. Hilzorian egon zen, 15 egun koma sakonean. Konortea itzuli zitzaionean, istripuak erabat itsututa utzi zuela konturatu zen. Bere bizitza beste bide batzuetatik eraman zuen horrek.
Batetik, soinua jotzen eta braille sistemarekin solfeoa ikasten hasi zen. Bestetik, istriputik urte eta erdira edo, Arantzazuko amabirjinari promes egin zion, ikusmena «bakarrik ibiltzeko adina» ematen bazion, Astigarragatik Arantzazura joan-etorria oinez egingo zuela. Eta, hara non, laugarren egunera «argitasun pixka bat sentitu» zuen begietan. «Gero itzal antzeko bultoak nabaritzen nituen, azkenik bakarrik ibiltzeko moduan ikusten hasi nintzen».
Bertsozalea eta bertsolaria ere bazenez, bertsopaperean argitaratu zuen promes hura eta beti amabirjinari egotzi zion mesedea. «Garagarril bostean obrara jun nitzan, / gure etxe beartsuan danen bearra zan; / goizeko zortziretan lanen asi nitzan, / beatziterditako eroria nitzan», idatzi zuen bertsopapereko laugarrena. 14 bertsoko sorta ondu zuen gertakaria esplikatuz eta ondorengo «miraria» eskertuz. «Amasei urterekin arrun itxututa, munduan geldi nitzan desgraziatuta; / beti ibiltzen nitzan penaz penatuta, / anai-arreben bati besotik elduta».
Promesa, esleitua
Astigarragako apaiz Luis Zufiriak gomendatuta, Arantzazura zuzendu zuen gogamena: «Arantzazuko Ama guztiz pozgarria, / belaunikorik nago aurrean jarria; / len ikusten nun orain falta det argia, / emango al didazu lengoan erdia?». Promesa egin, eta «gau ta egun errezuz eska» arituta, nahi zuen efektua gertatu zen: «Bañan egun batean asko poztu nintzan, / bat batera ikusten pixkat asi nintzan».
Miraritzat hartu zuen bista berreskuratu izana, baita zientzia mundukoek ere. Tratatu zuen mediku-oftalmologo batek abituak hartu zituela eta erizain bat Segurako komentuan sartu zela zioen. «Nerekin iru meiku ibilliak ziran, / iñork bista pixka bat ekarri etzidan; / promes egiñik bi illabete ziran, / eskatutako dana seitun eman zidan» Amabirjinak, alegia.
Socorro Dominguezekin ezkonduta, 1951n Ordiziara etorri ziren bizi izatera. Onceren loteria saltzaile eta azken urteetan Goierriko arduradun lan egin zuen, 42 urtean. Soinu jotzaile bezala ospe handia hartu zuen. Festa eta ezkontza askotan jo zuen, 35 urtean. 70 abesti konposatu –tartean, Ordiziarrak gera– eta bi disko atera zituen. ■

