Kata
Jon Eskisabel • Musika zalea
KGTko Txarlik eman zidan abisua. «Ekainaren hasieran Angel Katarainek bere bizitzari buruzko liburua aurkeztuko du, Betagarri taldeko batekin idatzia». Katarainek liburu bat? Bere bizitzaz? Harritu ninduen, ez kontatzeko duenaren interes faltagatik, inondik inora, baizik eta euskal musika gertutik jarraitu dugunok ondo dakigulako Katak ez duela elkarrizketak ematea edo hedabideetan azaltzea sobera maite. Beti izan da bigarren planoan, grabazioetan edo zuzenekoetan, soinu mahaiaren atzean egon den gizon serio eta isil hori, argazkietan sekula irribarrerik erakusten ez duen bera, inguruari bere eskafandratik begiratu diona.
Unai Lobo Betagarriko kidearekin izandako solasaldien emaitza da Angel Katarain. Los sonidos de mi vida. Madrilgo Vallecas auzoko Desacorde Ediciones argitaletxeak atera du, eta edizioaren lan txukuna azpimarratu behar da, artxibo pertsonaleko argazki eta dokumentazio ugariz hornitua baitago argitalpena. Liburua elkarrizketa moduan dago planteatuta, eta lehen lerrotik harrapatu egiten zaitu irakurketak, hain da bizia Katarainek egiten duen gertakarien kontakizuna nola aberatsa haien inguruko xehetasunak –izenak, lekuak, tresna elektroniken markak, anekdotak…– gogoratzeko duen gaitasuna.
Liburua ez da mugatzen Katarainek musikarekin izandako ibilbidea errepasatzera, aitzitik, horrek osatzen du zatirik txikiena. Familiako txikitako kontuak, atxiloaldiak eta torturak, Yoyesen hilketa, Amaia Apaolazarekin izandako harremana, Sarriren eta Pikabearen ihesa, Kubako egonaldiak… horri eta beste hainbat konturi buruz mintzo da Kata, luze eta zabal, erabat biluztuz bere burua, oso eremu intimoetan sakonduz, hunkigarri askotan.
Isiltasuna hautsi du Katak eta sekulako oparia egin digu. ■
