Duela hilabete batzuk, eskailera-buruan igogailuaren zain nengoela, bizilagunetako baten etxean entzuten ari ziren musikaren hotsak iritsi zitzaizkidan. Morroia txistuka ari zen jarraitzen guztiz ezezaguna zitzaidan kantua. Doinu mugitu bat zen. Halako batean hizketan hasi zen bizilaguna: «E! Alexa! Jarri Bad Bunny-ren sdafkljsadhfkajdsh!». Ezaguna egin zitzaidan musikariaren izena, baina ez nintzen gai izan aurpegia jartzeko. Bugs Bunnyz gogoratu nintzen igogailuan sartu nintzenean.
Lehengo astean Deskargan gora nindoan autoan. Euskadi Irratia nuen jarrita. 2022an EAEko biztanleek Spotify-n gehien entzundako hamar musikarien zerrenda ari ziren komentatzen bi aurkezleak. Bad Buddy aurrenekoa, Rauw Alejandro bigarrena, Quevedo hirugarrena, eta, tartean, Ozuna, Duki, Anuel AA… «Who?». Aurkezleetako batek ez zuen bakar bat ere ezagutzen, eta saioan sartu zen hirugarren aurkezle batek leporatu zion erdi-txantxetan: «Benetan? Zein zulotan bizi zara?».
Quevedoren Quedate ezagutzen dut, baina ezingo nituzke desberdindu Duki eta Bad Bunny laguna, adibidez. Seme-alabarik ez dut, baina ni ere ez naiz iristen, edo ene lehentasunak beste batzuk dira, edo pentsatzen dut ez dagokidala hogei urteko batek entzuten duena entzutea. Ez gaitzazue zigortu azken nobedadeen berri ez edukitzeagatik, are, duela bost-hamar urteko gauzak entzuteagatik, arren; utz iezaguzue deskubrimenduen batez bestekoa hilero 0,5ean mantentzen. Lasai, hitz egiteko beti geratuko zaigu besteak larrutzea edo, bestela, futbola.
Abuztuko deskubrimendua Rosaliaren Despecha izan zen; ez zegokidan deskubrimendu bat, nolabait; eta, bide batez, Huntzak, esaterako, ez bezala, dantza batean jarri nauena. Baina ez nadin harrotu, zeren, Leon Benaventek Viejos rockeros viejos kantuan esaten duen moduan, duintasunez, FOMO sentipenik gabe, jakin behar da festatik alde egiten.