Garazi Auzmendi Arkarazo • Landarlan Ingurumen Elkartea
Urte berria estreinatu berri dugun honetan, gure bizitza hobetzeko asmo onik ez zaigu falta: kirol gehiago egitea, elikadura zaintzea, lagunekin gehiago elkartzea, erretzeari uztea, eta abar. Jakin badakigun arren, ‘gure bizitza hobetzeko’ oinarri eztabaidaezina dela natura, gure eguneroko erronka eta amets hauetan nekez egiten diogu lekurik ingurumenaren zaintzari. Eta ez da, egia esan, behar faltarengatik.
Joan zen abenduan Montrealen egin zen COP15 Nazio Batuen Erakundearen bioaniztasunari buruzko goi bileran, 2030 urterako munduko lurren eta itsasoen %30 babestea hitzartu zen, munduko biodibertsitatearen gainbehera moteltzeko neurri gisa. Maila globaleko erabaki hauek pozarren jasotzen diren arren, helburu hauek gure herrian betetzearen ardura geure erakundeena ere bada. Izan ere, zenbait eremuri babes estatus bat aitortzea beharrezkoa den bezalaxe, eremu horiek (nahiz beste batzuk) modu eraginkorrean kontserbatu eta kudeatzen direla bermatu behar da. Eta administrazio publikoen ezinbesteko betebeharra den arren, geuri ere badagokigu, helburu hauek betetzen direla exijitzea.
Ezagutzan sakontzetik harago, gure eguneroko ‘asmo onetan’ ingurumenari presentzia gehiago eman diezaiogun
Egunerokoan modu hain aseptikoan aipatzen ditugun krisi energetikoa, klima larrialdia nahiz biodibertsitatearen galera, sakoneko krisi ekologiko baten ondorioak besterik ez dira. Komunitate zientifikoak hainbeste hamarkadatan zehar egindako ohartarazpenak ere nahi baino lehenago betetzen hasiak direla ikusi dugun arren, ez gara gai egoerak behar duen neurriko erantzunik emateko. Arrazoi ezberdin ugari tarteko, ezagutza falta ere izan daiteke, behar bada, egoera honen gakoetako bat.
Landarlan elkartetik, noizean behin idatziko ditugun lerro hauen bidez, afera zabal bezain konplexu hauei buruzko hainbat konturen berri emango dugu, eta Goierriko testuingurura hurbiltzen ahaleginduko gara. Gu guztion ezagutzan sakontzetik harago, gure eguneroko ‘asmo onetan’ ingurumenari presentzia gehiago eman diezaiogun. Izan ere, geure esku ere badago, geure baitan hasten den mundu horri lurrean leku bat egitea eta hau behar bezala zaindu eta babestea. Aukera bat baino, premia bat da.