Idoia Luzuriaga Garcia • Berdintasun aholkularia
GoiBerriko urteko lehen artikulua da hau. Urte berri on guztioi. Gabon zahar eguna pasa berri idazten dut, oraindik ere mahats apurren bat han hemenka ikusten dudalarik. Aldizkari honetan ez naute maite… Gabonetako ajearekin idatzi araztea… Eta zeri buruz idatziko dut ba Errege egunean publikatzen bada? Errege Magoei karta idazteko beranduegi da, 2023ko astrologia aholkuei kaso egiteko juxtu nabil eta urte bukaerako errituak iraungi dira. Urte berrirako asmo zerrendak pentsatzen edo idazten dituen horietakoa ere ez naiz; askorentzat gertatzen den bezala, niretzat urtea irailean hasten baita, ikasturtearekin batera.
Gabon arraroak izan dira aurtengoak ere, COVID-aren zama arindu bada ere. Azoka eta supermerkatuan orokorrean, ama, amama eta izebek gidatutako eta pisuaren ondorioz mugitzen zailak ziren orgekin gurutzatzen nintzen bitartean aurten Mari Domingi Belenera joan beharrean festa batera gonbidatu dutela ikusi genuen. Olentzerok ere ez omen du aditu Jesusen inguruko berririk eta zuzenean etorri omen da, pipa ahaztu gabe, Eguzki Berria ospatzera. Indartsu etorri omen da eguzki hau, ez baitugu aukerarik izan bufanda kajoitik ateratzeko. Datorren urterako White Christmas eta horrelakoak ere errebisatu beharko ditugu, Sunny Christmas-era aldatuta. Erosketak egitea eta kontsumista nazkagarri batzuk garenontzat ere astuna eta gogorra izan da aurten; dendatik irten orduko arnasa eusteari kostatzen zaigu tiketari behin eta berriro begiratzen diogun bitartean eta horrelako gastu bat izateko zer erosi ote dugun gure buruari galdetzen diogularik.
Urte bukaera indarkeria matxistari hauspoa eragin balio bezala, azken traka bortitza eskaini digu. Bi festa nagusien ondorengo astea di-da batean pasa ohi da baina aurten, gainera, sekulako danbatekoa jaso dugu, Jose gure lagunaren heriotza goiztiarrarekin. Oihane, Irati, Maialen eta bere senitarteko guztien saminarekin bat eginda ere hausnarketa sakonerako aukera eman digu guztioi; bakoitzari bere maila eta esparruan. Nola dator heriotza, ze hutsune uzten duen, baina zer den Jose bezalako pertsonek uzten diguten ondare sakona. Zorionekoak gara ezagutzeko aukera izan dugunok, orain horrek kontsolatzen ez duen arren.
Gabonak, erritualak, tradizioak, betebeharrak, inertziak, koherentzia, koherentzia falta eta koherentziaren ospea, agurrak, oroitzapenak, festak, kantuak, presak, argiak eta ilunak. Errege Magoei eskatu baino itzulera bidai erosoa opa diet. Urtarrilaren 6a gustoko dut nik ere, gertu, egunerokoa dator eta.