Ainhoa Ibañez Aranburuk (Beasain, 2002) Nutrizio ikasketak egin ditu eta Beasainen Batera denda ireki berri du. Belar-denda, gosari eta merienda osasuntsuak, smoothiak eta entsaladak denda berean elkartzen dituen denda da Batera.
Nola bururatu zitzaizun proiektu hau martxan jartzea?
Nutrizio ikasketak bukatu ondoren ikasten jarraitzeko aukera izan nuen, baina etorkizunera begira jarriz, aukera paregabea iruditu zitzaidan proiektu hau martxan jartzea eta motibazio horri helduz hasi nuen ibilbide hau. Belar-denda bat da Batera, eta horrez gain, jogurt bowl-ak, kafeak eta infusioak ere eskaintzen dira. Belar-denden mundua oso gustuko dut eta jogurta frutekin nahastuz meriendetarako zein gosarietarako bowl-ak egitea ere bai. Ondorioz, biak elkartuko zituen proiektua pentsatu nuen, ez baita halako besterik Beasainen eta denda kontzeptu berri hau interesgarria iruditu zitzaidan herrian izateko.
Nolakoa izan da prozesua?
Prozesua luze joan da, baina oso gustura nago lortutakoarekin. Nutrizio ikasketetako praktikak amaitzean hasi nuen ibilbide hau. Lehenbizi Goieki enpresarekin jarri nintzen harremanetan eta nire proiektuaren ideia aurkeztu nien. Ondoren, bideragarritasun plana egin genuen eta proiektuari behin forma emanda, hornitzaileekin jarri nintzen harremanetan, eskaini nahi nituen produktuak aukeratzeko. Azkenean, abenduaren 16ean ireki nuen denda.
Hasieratik izan zenuen garbi zein izango zen dendan eskainiko zenuen produktua?
Bai, hasiera-hasieratik nuen garbi gertuko produktuetara joko nuela eta hala egin dut. Egun bertako produktu desberdin ugari ditugu, hala nola, Mutiloako Telleria Gaztak, Errezilgo Urraki eta Orendaingo Larreta jogurtak; Bizkaia aldera joz, Olatxuko marmelada eta Nafarroatik Martinelli pasta, jatorri italiarrekoa izan arren Beriainen kokatuta dagoena. Beraz, bertakoa sustatzearen aldeko kon- promisoa hartu dut.
Ez da ohikoa horren gazte horrelako proiektu batean murgiltzea…
Ez, ez da ohikoena izaten horren gazte horrelako proiektu batean murgiltzea, baina ilusio handiz hartu dudan erronka da eta honekin aurrera egiteko gogo handiz eta indartsu nago.
Aurrera begira zein erronka dituzu?
Egun, belar-dendaren eta jogurten eskaintza daukat, baina aurrera begirako helburu bat ere ezarri diot nire buruari eskaintzari dagokionean. Udaberrira begira entsalada bowl-ak eta smoothiak egiteko helburua ezarri dut eta gogoz nago erronka honi heltzeko eta lanean jarraitzeko.