Gorka Lariz • Aktorea eta Urrup taldeko kidea
Gabonak pasa dira eta urte berriari hasiera eman diogu jada. Urteroko legez, ziur naiz, norbaitek «Zer eskatzen diozu urte berriari?» galdera bota dizula. Betiko topikoez at, (osasuna, lana, hasi berri den urtea pasa dena baino hobea izatea…), nik kulturaren, eta bereziki, antzerkiaren alde egin dut eskaria. Igaro ditugun urte zailak behingoz amaitu daitezen eta aurrera jarrai dezagun.
Antzerkia ez da soilik ikuskizuna, ez da denbora-pasa soila. Urteetan zehar, egile askok antzerkia erabili izan du herriari haien iritziak, ideologia edota bizitzaren ikuspuntua helarazteko. Ez da gaur egungo kontua, izan ere, William Shakespear-ek ere horretarako erabiltzen baitzuen antzerkia. Hamlet antzezlanean bada momentu bat, non Hamlet printzeak bere aitaren hilketa antzerkiaren bidez azaltzen duen, ustezko errudunaren aurrean, haren erreakzioak ikusi ahal izateko.
Horrez gain, autoreak bere antzezlanak erabili izan zituen garai hartako klase sozialak irudikatzeko, eta askotan goi klaseko pertsonak herritarren aurrean barregarri uzteko. Horrexegatik diot antzerkia ez dela denbora-pasa soila. Antzerkia, artea eta kultura bere osotasunean, herritarrek, hots, artistok, adierazpen-askatasunerako ditugun tresnak dira. Hortaz, aurten antzerkiari urte ezin hobea opa, eta antzerkia oparo izatea eskatzen dut.
Urte berri on!