German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta Kirol psikologoa
Hotza, iluna, itsusia, aldapatsua, beltza… Hala definitzen zaituzte askok. Orokorrean jendeak ez du oso ongi hitz egiten zutaz, arin joan zaitezen nahi dute, traba besterik egingo ez bazenu bezala, zure hotzean berotasunik baden ikusteko aukera ukatuz. Elurra eskaintzen badiezu hotza zarela esaten dizute, eguzkia ekarriz gero hori ez dela zure eginbeharra eta kritikatu egiten zaituzte. Badirudi urrun nahi zaituztela, gaixotuko dituzun beldur direla, besteekin alderatuta ez zarela hain ‘guay’a, ez zarela ongietorria.
Kuriosoa da, zu zarelako berriari ongietorria ematen diona, zuri esker existitzen direlako besteak, zu zarelako besteen erreferente, zu zarelako bidea zabaltzen aditua, zu gabe ez dagoelako besterik. Zuk hartzen duzu zama guztia zure atzetik datozenak loratu daitezen, bidea errazagoa izan dezaten eta distira egin dezaten. Zaharrena izatearen pisua daramazu gainean, eredu izan nahi eta beharraren arteko mugan ibiltzen zara borrokan, egiten duzuna egiten duzula badakizu kritikatua izango zarela, baina berdin dizu, ohitua zaude, hala ere, eskertuko zenuke enpatia apur bat besteengandik momentu jakin batzuetan, azken finean, sentimenduak dituzu, askok hala uste ez arren.
Munduko beste txoko batzuetan izugarri maite zaituzte, seguraski beste itxura batekin agertzen zatzaizkielako, guri zure arrebetako bat agertzen zaigun moduan, baina ez zaude ziur benetan zarenagatik maite zaituzten edo eurek nahi dutena ematen diezulako soilik. Dena den, aurrez aipatu bezala Euskal Herrian jendeak ez dizu estimu askorik; pentsa, ilbeltza deitzen zaituzte batzuek, badirudi izenean ere kondenatu nahi izan zaituztela.
Badaude pertsonak apirilean, maiatzean, ekainean, uztailean, abuztuan… jaioak eta urtarrilean jaiotakooi penaz begiratzen digutenak, gure urtebetetze eguna drama bat dela uste dutenak ustez eguzkirik ez dagoelako. Ez dira ohartzen agian eguzkia gure barnean daramagula, zuk bezalaxe, eta iluntasunean argi egiten dugula; jendeak baina maiz beldur dio ilunetan argi egiten dakienari (baita inbidia ere).
Eta bai, bagaude maite, miretsi eta estimatzen zaitugunak. Bagaude zure edertasuna ikusten dugunak, eta utzidazu esaten plazer eta ohore bat dela zure eskutik mundura etorri izana, ene bihotzeko urtarrila.