Monika Arratibel • Irakaslea
Idazteak barruak askatzen laguntzen dit. Errota martxan izatea gustatzen zait. Hausnarketak eginez, hainbat korapilo askatzea lortu dut. Gai batzuk Goiberriko irakurleei zabaltzen ibili naiz denboratxo batez. Aldaketak egiteak beti ematen du kezka puntu bat. Gaur kezkati, urduri xamar nabil ordenagailuko teklak zapaltzen. Ez zait gustatzen ‘azken’ hitza erabiltzea baina eten bat egin behar dut nire hausnarketak publikatzeko garaian. Garaiez hitz egin nuen idatzi batean, ezezkoak esatearen garrantziaz beste batean, bihotzen sendagileez ere bai. Ez diot idazteari utziko, on egiten baitit. Nahiz eta Sakanan bizi, ez diot Goierrira jaisteari utziko, on egiten baitit. Baina on egiten diguten gauza batzuei ere neurria hartu behar zaie, bihotzen sendagileengana joan beharrik ez izateko. Lehentasunak ere aldian behin birplanteatu. Horretan nabil, nire denboraren kudeaketa antolatzen.
Askok esan didate Goierritik gutxi ikusten nautela, baina aldian behin Goiberrin nire idatziak irakurtzeak ilusioa egiten ziela. Eta niri hori entzuteak, barrua bete. Idaztea ez da gauza xamurra, sormena piztuta duzun eguna hartu behar. Honi erantsi behar zaio norberak bere buruari jartzen dion exigentzia maila… Nahiz eta Goiberrin hilabeteroko publikazioa ez egin, ez nuke nire errota gelditzerik nahi. Geldituz gero herdoilak etortzen dira, ezin mugituak, azkenak, amaierak… Momentuz, etena egingo dut bihotz eta buruari kasu eginez. Errota mantenuan izango dut, aldian behin idatzi txikiak eginez, edo luzeak. Olerkietan, idatzietan, esaldi batean, bertsoetan agian, baina niretzat. Presiorik gabe eta gozamenetik. Agian, egunen batean, noizbait, nonbait, nire idatziekin irakurleek gozatuz jarraitu dezaten. Eskerrik asko GoiBerri, aldizkariko orrialde bat eskaintzeagatik. Eskerrik asko zuri, irakurle, zure denbora eskaintzeagatik.