Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Badago esaera zahar bat, dioena, pertsona bat ezagutu daitekeela tabernaria nola tratatzen duen ikusita. Nik uste dut herritar asko ezagutzen bukatzen duzula urteen poderioz. Eta bai, tabernariari ematen zaion tratua oso esanguratsua izan daiteke balantza alde batera edo bestera gailentzeko.
Jende ikaragarria ezagutzea tokatu zait, ezin uka. Baina gaur beste aldea nabarmendu nahi nuke. Barra atzean dagoenari errespetua faltatzen zaion momentu horietaz ari naiz. Erantzun txarrak, irainak, mobiliarioa hautsi askotan tontoarena egiten, kopak lapurtu ondoko tabernan uzteko, kanpoan pixa egin eta pixa ez direnak, neskak iraindu, probokatu eta finean gure lana kakaztera irtetzen den jende asko dago.
Baina gainditu ezin diren marra batzuk badaude. Aipatu dudan guzti honetaz aparte, eta tabernari askorekin hitz egina dut, gure bizitza pribatuaz hitz egiteko dagoen grinaz eta errexkeriaz ari naiz. Ze lasaitasunarekin epaitzen gaituen jendeak eta ze lasai bihurtzen den gure bizitza gure negozioa bezain publiko.
Nahiko ohituta egon arren, gauza batzuk ez ditut sekula ulertuko. Jendeak ez du sarri zure taberna kudeatzeko duzun modua epaitzen, baizik zure bizimodua, zure aisialdia, familiarekin pasatzen duzun denbora eta finean egiten duzun guztia.
Tabernari batek bere bizitzan gehien entzungo duen esaldia bezeroek beti arrazoia dutela da. Eta esperientziak kontrakoa esaten du. Tabernaria gaizki tratazen baduzu ze motatako pertsona zaren erakusten besterik ez zara ari. Utziguzue lanean, giroa alaitzen badakigu eta. Epaitu ezazue barra atzean egiten duguna eta kanpoan gaudenean pentsa ezazue, zuek bezala, tabernan gaudela eta bezero bezala beti dugula arrazoia.