Axier Olano Zufiaurre (Beasain, 2005) argazkilaria da eta batez ere kirol argazkilaritzan aritzen da. Atletismo munduan gero eta ezagunagoa egiten ari da eta azken aldian oso aktibo ibili den argazkilaria da.
Noiz eta nola gerturatu zinen argazkilaritza mundura eta zergatik aukeratu duzu kirol argazkilaritza zehazki?
Duela urte batzuk izan zen eta hasieran, erretratuak ateratzen nituen, batez ere inguruko lagunei, baina kirolaren kontua beranduago iritsi zen. Atletismoan aritzen naiz ni ere eta lehiatzen hasi nintzenean argazkilariei begira egoten nintzen, interesa pizten baitzidan kontu horrek. Beraz, bertan ikusi nituen argazkilariek eta piztutako interesak bultzatuta, pistara joan eta argazkiak ateratzera animatu nintzen. Joan nintzen lehen aldian 10-bat argazki atera nituen bakarrik, baina saiatuz eta gauza desberdinak probatuz joan naiz pixkanaka eskua hartzen kamerari eta hobetzen joan naiz gaur egun arte.
Azken egunetan atleta asko ari dira zure argazkiak publikatzen haien sare sozialetara eta esan daiteke gero eta ezagunagoa egiten ari zarela atleten artean. Nola bizi izan duzu horraino iristeko bidea?
Bai, azken egunetan atleta dezentek igo dituzte nire argazkiak eta 500 jarraitzailera ere iritsi naiz Instagramen. Pasa den asteburuan ere izan naiz argazkiak ateratzen eta oso gustura geratu naiz gainera, izan ere, Estatu mailako atleta bat etorri zait kasu egitera, ezagutzen nauela eta. Hasieran inork ez ninduen ezagutzen, eta atleta guztiak aipatzen nituen publikazioetan, nire burua ezagutarazteko asmoz. Hala ere, zenbaitek nire argazkiak hartu eta publikatu izan dituzte inolako aipamenik egin gabe eta nire lanari aitortzarik egin gabe, hori baita eskatzen dudan gutxienekoa: aitortza egitea aipamen bitartez. Azken finean, irabazi asmorik gabe joaten naiz horrelako txapelketetara argazkiak ateratzera eta goiz osoa pistan pasatzen dut argazkilaritzarekiko dudan afizioagatik, baina ondoren, sarritan, ez da argazkilarion lana behar bezala baloratzen eta amorru handia ematen du honek.
Etorkizunera begira zein aurreikuspen duzu argazkilaritzarekiko?
Gaur egun argazkilaririk famatuenak ere ezin dira horretatik bizi atletismo arloan, izan ere, bidaia asko egin behar dira eta hori guztia argazkilariak berak ordaintzen du. Beraz, txapelketa batera joateko 600euro inguru ordaintzera iritsi zaitezke ondoren bueltan klub batek 50euro ordaintzeko gehienez. Beraz, hau hala izanik, nahiko zaila ikusten dut bertatik bizitzearen kontua, nahiz eta gustatuko litzaidakeen, baina, afizio bezala hartuko dut.