Miren Alvarez Juaristi • Urrats podologia zentroa (Urretxu)
Osasun arloko diziplina bat da posturologia, eta posturaren patologiak tratatzen ditu. Nerbio sistema zentralak, kaptore desberdinen (begiak, oinak, ahoa, belarria, erraiak) bitartez jasotzen duen informazioarekin, giza gorputzaren postura moldatzen du.
Nerbio sistema zentralak pertsonaren gihar tonua aldatzen du, jasotako estimulu horien aurrean, gorputza, erantzun zuzen bat emateko gai izan dadin.
Gizakia, zutik dagoenean geldirik dagoela badirudi ere, etengabe bere postura egokitzen ari da. Oszilazioen autokontrol horri (oso fina eta automatikoa) sistema posturala deritzogu.
Posturologo baten lana, lehen aipatutako kaptoreak ondo antolatu eta bateratzea da. Disfuntzioa duten kaptoreak antzeman eta aurkitzea.
Sistema posturalaren desdoikuntza batek, bai begietan edo ahoko artikulazioan (ATM), informazio kaptore bezala, edo burbuineko aginduak burutzen dituzten giharrek ere, gorputz sistemaren desoreka bat eragin dezake. Desdoikuntza edo desoreka hauek giharretako eta artikulaziotako mina eragin dezakete. Lunbalgiak, migraina edo zefaleak, mareoak, bertigoak, atentzio defizitak, arnasteko arazoak… ere pairatu ditzakegu.
Gizakia, zutik dagoenean geldirik dagoela badirudi ere, etengabe bere postura egokitzen ari da
Oinak oreka estatiko eta dinamikoaren oinarri dira. Funtsezko lana dute errezeptore sentsorial bezala. Eta oinaren bitartez, hemen egindako tratamenduekin, gorputz osoaren oreka lortu dezakegu. Hemen posturopodologiaren garrantzia.
Eskuzko terapia posturologikoaren bitartez, oinetako eta hanketako artikulazioak desblokeatu eta giharrak erlaxatzen ditugu. Eta honen ondoren, barne zola posturalekin (propiozeptiboak ere deitzen zaie) jarraituko dugu tratamendua.
Beharrezkoa bada beste profesionaletara bideratuko genuke pazientea: ortodentista, dentista posturala, optometrista, osteopata…