Aitor Urdangarin Irastorza (Beasain, 1997) nekazaria da ofizioz eta esparru honetan bere bidea egiten ari da pixkanaka-pixkanaka.
Nola hasi zinen nekazaritzan eta nola iritsi zara gaur egun zaren horretara?
Pandemia garaian, baratzezaintzan hasi nintzen eta geroz eta gehiago gustatzen zitzaidan. Denborak aurrera egin ahala, nire buruari galdetzen nion, ea baratzezaintzatik bizitzea posible izango ote nuen. Garai hartan, Ataungo Pili barazki ekoizleak erretiroa hartu eta kontsumo taldea hornitzeari utzi behar ziola entzun nuen, eta berarekin harremanetan jarri nintzen, gaiaz zerbait gehiago jakiteko asmoz. Elkarrekin Ataungo Otsotarrak kontsumo taldean trantsizio bat egin genuen, eta egun, ataungo Otsotarrak taldea hornitzen jarraitzen dut eta aurten ekoizpena handitzeko asmoa daukat. Bide honetan pertsona interesgarri pila bat ezagutu ditut, eta oso eskertua nago eskualdeko ekoizleengadik jaso dudan babesaz.
Nola lan egiten duzu zure egunerokoan? Zer ekoizten duzu?
Lurraren osasuna oso garrantzitsua da eta horregatik, garrantzia handia ematen diot honi. Hau hala izanik, ekologikoan ekoizten dut, izan ere, pertsonaren, eskualdearen, ingurunearen eta lurraren osasuna elkarlotuak daude. Garai bakoitzean, lurralde honetan hazten diren barazkiak ekoizten ditut, hau da, garaian garaikoa. Denera, urtean 30 barazki mota desberdin inguru ekoizten ditut.
Non erosi daitezke produktuak?
Eskualdean bertan leku desberdinetara jo daiteke. Lazkaoko Biziolan eta kontsumo talde zein azoketan erostera animatu nahiko nuke jendea, izan ere, norbera elikagai merkeago, osasuntsuago eta goxoagoez elikatuz, eskualde bizi, osasuntsu eta oparoago elikatuko dugu. Azkenean denak ateratzen gara irabazten.
Biziola kooperatiban ere parte hartzen ari zara ekoizle moduan.
Sekulakoa izaten ari da herritarren erantzuna eta oso gustura gaude ekoizleak. Ekoizle gisa oso babestuak sentitzen gara bertan. Denborak aurrera egin ahala, geroz eta ekoizpen handiagoak eta ekoizle gehiago beharko dira, eta horretarako beharrezko tresna da Biziola.
Zer esango zenieke nekazaritzan hasi nahi duten gazteei?
Azken aldian gazte asko etortzen zaizkit nekazaritzatik bizitzea posible den galdezka. Beraien egungo lanean ez daudelako gustura edota beraien bizitza guztia lan horretan irudikatzea etsigarria egiten zaielako; beraien jardunaren bidez, eguneroko zein etorkizun osasuntsuago bat eraikitzea desiratzen dutelako. Gazte guzti horiei, eskualdeko ekoizleekin harremanetan jartzeko gonbita egin nahi nieke. Gure laguntza jasoko dute, esperientzia desberdinak ezagutu eta nekazaritzatik ondo bizitzea posible dela ikusiko dute, haien bidea egiten has daitezen.