Nerea Campos Etxaleku (Legazpi, 2001) taldeko argazkian zen igandean, eta gero rally-sprintean parte hartu zuen Jon Etxeberria herrikidearen kopilotu gisa, Mitsubishi EVO batekin.
Gaztea izan arren, esperientzia handiko kopilotua da. 16 urterekin hasi zen lehian, eta hasieran Euskal Herri mailan ibili bazen ere, 18 urte bete aurretik Espainia mailara jauzi egiteko eskatu zioten, eta hainbat lasterketa egin ditu horrela azken urteetan, «ia profesionalen pare». Rallyen munduan normalena pilotuek eta kopilotuek bikote egonkorrak osatzea da, baina Camposek ez du kotxeko bikote finkorik.
Bere etxean beti egon da automobilismoarekiko zaletasuna, eta beti izan du familiaren babesa, «oraindik ere ia lasterketa guztietara etortzen dira!». Osaba Txema Campos probetan parte hartzen hasi zenean piztu zitzaion benetako grina. «13-14 urte nituela osaba ikustera joan nahi nuen, eta gurasoek eraman ez nindutenez, nire kabuz autobusa hartu eta joan nintzen. Mundu horretako lagunak egin nituen, eta haiekin karreretara joaten hasi nintzen». Afizioa sartu zitzaion zainetan, eta
14 urte betetzean, kopilotu ikastaro bat eskatu zien gurasoei opari gisa. Eskatu eta lortu, Galizian egin zuen.
Esperientzia asko gustatu zitzaion, baina 16 urtera arte ezin zen lehiatu. Orduan, kasualitatez sortu zitzaion lasterketa batean kopilotatzeko aukera. Xabi Elgarrestarekin batera atera zen lehen aldi hartan, Bizkaiko Lea-Artibai proban, eta orain arte. Bost urteko ibilbidea egin du harrezkero, eta bidean kopilotu juniorren txapeldunorde titulua eskuratu du Espainia mailan.
Azken denboraldian Gorka Idigoras oñatiarrarekin egin ditu proba asko Euskal Herrian, eta Xabi Agustina katalanarekin Espainia mailan. Juan Castillo, Endika Beloki, Monika Muñoz…ere izan dira bere pilotuak. Aurten lasaiago ibiltzeko asmoa du, eta Gorka Idigorareskin errepikatuko du Euskadi mailako txapelketa guztia eginez, eta Gorka del Cidekin Kopa Focus egingo du, lur gainekoa. «Asfaltoa eta lur gaineko lasterketak partekatu ditut».
Emakumezko pilotu gutxi daudela dio, baina duela bost urtetik hona kirol honetan emakumeen presentzia geroz eta handiagoa dela nabarmendu du , batez ere kopilotuen artean.
Eta hain zuzen, kopilotuen lana aldarrikatu nahi du, «kopilotuak pilotu batek baino ardura gehiago ditu», eta egiten duen lana itzalean dagoela dio, «baina hor dago». Hori bai, konpromiso ekonomiko txikiagoa du kopilotuak, pilotuak autoa jartzen duelako, eta normalean lasterketetarako izen-emateak ere berak ordaintzen dituelako. Hala ere, «diru asko» joaten zaie ere kaskoan, Hans babesetan, monoan eta bestelako jantzietan… Campos momentuz gustura dago autoaren eskubiko eserlekuan eserita, baina agian egunen batean ezkerrekora, pilotuarenera pasako da.
Automobilismoa, emakumeek maite duten kirola