Herri txikietako giroa ezaguna da gure eskualdean, eta herri giro horretan zerikusi handia izan ohi dute gazteek. Harremanak estutzeko eta ondo pasatzeko helburuarekin, gazteak elkartu eta egun bikainak antolatu izan dituzte urtetan zehar. Azken asteburu hauetan herri desberdinetan antolatu dira egun osoko egitarauak, gazteen eskutik. Honen adibide dira duela bi aste Lazkaon antolatutako inauteriak, joan den asteburuan Seguran egindako Kinto Eguna edota hurrengo asteburuan, martxoaren 25ean Ataungo Torto Gazte Asanbladak antolatutako gazte eguna.
Gabirian ere ez dira atzera geratu eta astebururako egitaraua antolatu dute. Martxoaren 18an jaia izango da nagusi Gabirian, izan ere, Gabiriko Gaztek gazte eguna antolatu dute.
Egun osoko festa
Aurtengoa Gabiriako gazte egunaren seigarren edizioa izango da eta hasi zirenetik gaur egun arte formatuz aldatzen joan da pixkanaka-pixkanaka. Lehen asteburu osoko jaia egiten zuten, ostiralean zein larunbatean jai giroan murgiltzen ziren, baina formatuz aldatzea erabaki dute azken urteetan, hainbat arrazoi tarteko. Bihar afaria egingo dute, eta ondoren, DJ Naza izango dute, Ostatuan. Aurtengoan herriko ostalaritza «bultzatze aldera» eta «haien onurarako» hala antolatu dutela adierazi dute.
Egun honen helburua argi dute: herriko gazteak elkartu eta ondo pasatzea. Inguruko herrietara ere zabaltzen da kartela, baina «herriko gazteek herriko gazteentzat antolatutako eguna» dela azpimarratu dute gabiriarrek.
Igande arratsaldeetan
Igande arratsaldeetan elkartu dira Gabiriako gazteak, gazte eguna antolatzeko. Gutxinaka-gutxinaka joan dira egunari «forma ematen». Bakoitzak bere iritziak «libreki» azaltzen ditu bertan eta horiek guztiak kontuan izanez, festa honen antolaketa aurrera eraman izan dute urtez urte. Aurtengoan ere hala egin dute eta «gogotsu» daude astebururako, seigarrenez haien jaiaz gozatzeko.