Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Egoerak beste aldean jarri zaitu. 2013ko Txapelketa Nagusiko finalean kartzelako lanerako jarritako gaiari tiraka hasi nahi nituzke ondorengo lerrook. Askorako eman zuen –eta lezake– gaiak; azken buruan, egin dezagun kontu bizitzak tarteka beste aldean jartzen gaituela.
Une honetan gai hori jarriko balidate, irakaskuntzari kantatuko nioke. Urte hasieran Oinarrizko Lanbide Heziketan aritu nintzen irakasle, eta irakaskuntza masterra amaitzen ari naizen honetan, etorkizun hurbil bateko agertoki posible gisa ikusten dut irakasle izatea. Irakaskuntzan inoiz aritu den ororen beste alde bat behintzat bada, beraz, hori.
Bertsolaritzan gai bakoitzaren aurrean non kokatu erabaki behar izaten da, buruan izaten baitugu zer, nola eta nori esan nahi diogun. Bizitzan ere antzera nabil aspalditxoan: egoera bakoitzaren aurrean nola jokatu behar nukeen pentsatu ohi dut –zenbaitetan egoki, beste batzuetan, agian, ez hainbeste–, eta horren arabera kokatzen naiz. Kokatze hori, ordea, hautu kontziente bat da, edo beharko luke.
Ikasle mugimenduan ibili garen gehienok izango dugu irakasle batekin edo bestearekin lotutako esperientzia negatiboren bat. Gurasokeria, kaleratzeak, umilazioak… lan politikoa egiteak ondorio horiek ekartzen dizkie hainbat ikasleri. Azken finean, bere argi-itzalekin, baina badago nolabaiteko botere bat irakaskuntza den zenbaiten beste alde horretan.
Sinetsita nago irakasle orori eskatu beharko litzaiokeela (litzaigukeela?) ikasleen lan politikoarekiko errespetua eta begirunea, ados egon ala ez. Are gehiago, ikasle kritikoak hezi eta antzeko asmakeriak araua diren desgarai azkengabe honetan. Ez da zertan traba gehigarririk jarri bestela ere nahiko lan duenari. Nik, behintzat, hor kokatu nahiko nuke nire beste aldean.