Aitor Artza • Musika zalea
Goierri aldean eta musika zaleon artean, inor gutxi ohartua den altxor bat dugu Itsasondon. Bai, harrigarria badirudi ere bertan ezarri zaigu Tough ain’t Enough argitaletxea. Berau daramana, Pedro, bizitzaren gorabeherak medio Itsasondora etorri zaigu.
Madrilen sortu zen 2014an Riot Kids izeneko fanzinearen oinordeko gisa eta hasieratik hartu zuen Punk-Oi musika taldeen lanak argitaratzearen eginkizuna. Orreaga 778 eta Lager 33 taldeen lanak biniloan ateratzea izan ziren bere lehenengotariko erreferentziak 2015 urtean. Harrezkero etengabean, bata bestearen atzetik etorri dira gaurdaino ehun erreferentzia bain0 gehiagoko katalogoa osatu arte. Bada zerbait!
Musika mota honek berea du salaketa soziala, baita haiek borrokatzeko eragina sortzea ere. 70ko hamarkada amaieran Erresuma Batuan sortu zenetik gurera etortzen ez zuen denbora asko pasa, eta Euskal Herrian beti izan ditugu halako taldeak. Marteens botarik ez da falta izan gurean harrezkero! Horren lekuko inguruan sortu zaizkigun Azken Sustraiak eta Tirokatuak esaterako.
Oraindik TAE records Madrilen zela, 2020an Kaosa Euskal Herrian bilduma argitaratu zuen euskal taldeekin eta bi urte ondoren Chaos in Basque Country izeneko jarraipen bilduma, aurrekoaren ildo berean. Haietako bakoitzean, Euskal Herriko gaur egungo Punk Oi (eta beste zenbait…) talderik nabarmenenak, Orreaga 778, Blessure, Tatxers, Kolpeka, Rotten XIII, Kaleko Urdangak, Zikin… Pedro, bi diskoen arteko denbora tartean etorri zen bizitzera Itsasondora.
Zer duen orain esku artean? Arene 6, Kaleko Urdangak, Azken Sustraiak, ARESI, Rotten XIII, Orreaga778, Streetwise, Atturri, Ukabilkada eta Tatxers esaterako. Aurreratu digunez, aipatu azken hiru taldeon lan berriak laster izango ditugu kalean, baita Neallta Fola taldearen lan berria ere.
Beraien berri izan nahi izanez gero erabili sare sozialak edo www.taerecords.com helbidean aurkituko duzue.
Ongi etorri Goierrira Pedro eta bide batez TAE Records!