Balantza Erromeri Taldea hemen da plazak dantzan jartzeko. Mikel Lopez (Zerain, 2005), Maren Insausti (Segura, 2006), Aines Txabarria (Segura, 2005), Nahia Zabalo (Mutiloa, 2006), Sahatsa Izagirre (Segura, 2001) eta Beñat Saez (Altzaga, 2005) dira Balantza taldeko kideak. Mikel Lopezek hitz egin du taldearen izenean.
Nola elkartu zineten eta nolatan murgildu zineten proiektu honetan?
Duela urtebete baino gutxiago elkartu ginen, ekainean. 2022ko Segurako San Joan jaiak gerturatzen ari ziren eta giroa jarriko zuen talde bat falta zela esan ziguten. Hau hala izanik, talde bat egiteko proposamena egin ziguten eta pozik hartu genuen erronka. Hilabete besterik ez genuen izan entsaioetarako eta guztia prestatzeko. San Joan jaietan eman genuen Seguran lehen kontzertua. Geroztik, beste zenbait lekutan ere izan gara, herri inguruan batez ere.
Lehen urte honetako kontzertuetan zer moduz moldatu zarete?
Segurako Sanjoanetan hasi eta Idiazabalen zein Zerainen ere izan gara. Kontzertu batzuk hobeto joan dira eta beste batzuk eskasago, baina ondo pasa dugu guztietan eta gogotsu jarraitzen dugu datorrenerako. Hala ere, lehen kontzertua beti gogoratuko dugu berezitasun handiz. Segurako Sanjoanetan lagunez inguratuta eta giro bikainean eman genuen kontzertu hura eta oso babestuak sentitu ginen.
Zer izan da Balantza taldeak eman dizuen onena?
Egia esan gauza on asko eman dizkigu, batez ere oholtzan gozatzeko aukera. Hala ere, zerotik hasi den talde bat izanik hobetzeko aukera handia izan dugu eta pixkanaka hobetzen jarraitzen dugu eta oso positiboki baloratzen dugu bilakaera hau. Bestalde, sentsazio ona izan dugu elkarrekin jotzen eta taldean oso gustura gaude.
Aurrera begira zein dira zuen asmoak? Zein izango dira zuen hurrengo plazak?
Aurrera begira jende berria taldean sartzen hasi gara eta besteren bat ere sartuko dugu aurki. Instrumentu berriak sartuko ditugu eta taldea indartzen jarraituko dugu. Hurrengo gure plaza, horren babestuta sentitzen garen Segura izango da. Datorren astean Iparra-Hegoa izango da Seguran eta gu bertan izango gara apirilaren 2an, 16:30ean, ipar zein hego dantzan jartzeko.