Seguran Ipar eta Hego elkartuz jaia, musika, kultura eta hamaika borroka uztartzen hasi zirenetik 26 urte dira. Aurten ere bueltan da Iparra-Hegoa eta aste osoan ekintza desberdinak izan dituzten arren, datorren asteburu hau izango da jairik handiena eta bertan, gazteak izan ohi dira motor eta erdigune.
Urtero-urtero lelo desberdin bat aukeratzen dute. Aurtengoan Muga, langa, bota, sega! leloa aukeratu dute, «mugak eta oztopoak botatzearen» eta elkarrekin Euskal Herria «gure modura» eraikitzearen aldarri gisa.
Erreleboa antolakuntzan
Belaunaldi berriek hartu dute antolakuntzaren makila 26.edizio honetan eta Segurako gazteen arabera, «gogoz» hartu dute eginkizun hau, urteetan zehar egin den elkartruke bat izanik «harremanak egin» eta «ondo pasatzeko» espazio gisa ulertzen baitute Iparra- Hegoa, borroka desberdinak uztartzeko ekimena izateaz gain. Aurten, larunbat arratsaldean Azterketak euskaraz! mobilizazioa egingo dute Iparraldeko ikasleei elkartasuna adieraziz eta «guztion borroka» dela argi utziz. Brebetari dagokienean aurrera pausoak eman dituzte, baina Baxoa euskaraz egiteko aukerarik ez dute oraindik Ipar Euskal Herrian, beraz, Segurako gazteek ere «honekin bat» egingo dute larunbatean.
Elkarrengandik ikasi ondo pasatuz
Bestalde, aisialdi eskaintza zabala antolatu dute baita ere, hasi ikuskizun zein bazkari eta afarietatik, eta kontzertu zein kale animazioetara arte. Martxoaren 27an hasi zuten egitaraua, Urruñ̃ako ikastolako haurren bisitarekin eta Harresia Bidasoan hitzaldiarekin. Geroztik igandera bitarte ekintza desberdinak dituzte herrian. Asteazkenean, adibidez, «kulturartekotasunaren aldeko keinua» egin dute, sukaldaritzaren arlotik joz eta saharar sukaldaritzan sakonduz. Ostiraletik igandera, aldiz, musika eta jaia izango dira nagusi,
Xutik, DJ Bull, Kontrabanda, Odei eta Balantza taldeekin. Gazteak «gustura» daude lortutako eskaintzarekin eta aurtengo edizioan ere elkarrengandik ikasi eta elkarrekin ondo pasatzeko tartea hartuko dute. Jai giroa nagusi izango den testuinguru horri erreparatuta, argi utzi nahi izan dute «Iparra-Hegoak ez duela eraso sexista, lgtbifobo eta arrazistarik onartuko», «guztiontzako» jai bat izanik «errespetuz» jokatzeko deia egin dute.