German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta Kirol psikologoa
Munduak bere baitan mota desberdinetako jendea hartzen du, badakigu pertsona oro mundu desberdin bat dela baina badira munduak hobe direnak gu garen mundutik urrun mantetzea. Urrun mantendu beharreko pertsona horien artean aurkitzen dira pertsona inbidiosoak, eta inbidia diodanean gure zoriontasunaz pozten ez direnez ari naiz, badelako inbidia ‘sanoa’ deiturikoa ere, edo nahiago baduzue, minik egiten ez duena, nahiz eta honek ere askorako eman dezakeen. Hala ere, pertsona inbidiosoak diodanean besteen ona ikusi ezin dutenez ari naiz, besteak izorratzen gozatzen dutenez, alegia. Pertsona hauei ez zaie euren zoriontasuna axola, besteak zoriontsu ez izatea inporta zaie, eta pertsona mota hauek dira existitzen diren pertsona arrikutsuenetarikoak.
Behin entzun nion aspalditik jarraitzen dudan psikologo bati pertsona toxikoen artean hiru mota desberdin bereizten direla, eta mota horietako bat zein izango? Bingo! Bai, pertsona inbidiosoak dira hiru horietako bat. Baliteke euren biktimaren aurrean aurpegi ona ipintzea, baliteke piropoz jostea parean dutena edo baliteke kontrako guztia egitea. Baliteke euren burua biktimizatzen saiatzea, pena eman nahi izatea zu zeu gaizki sentitzeraino duzunaz, zarenaz.
Badira beste pertsona batzuk ere, ez dakidana inbidiosoak izango diren ala ez, baina ez ditudanak jasaten. Pertsona batzuk besteen bizietan sartzeko duten behar eta obsesio hori jasangaitza egiten zait, bereziki herri txikietan eman ohi dena (ez beti). Tokatu izan zait herri txiki batean lagunekin joan eta pertsona bat leihoko errezel edo gortinaren atzetik begira-begira gelditzea, zonbi bat ikusi balu bezala, zonbia berak zirudien arren. Badira pertsonak besteen bizitzak kontrolatzeko halako behar bat dutenak, nik uste euren bizitza ezin kontrolatzeak beste batzuena kontrolatu nahi izatera eramaten dituela, nolabait zerbait/norbait kontrolpean dutela sentitzeko, edo auskalo. Nik nire bizitzarekin nahikoa eta gehiago daukat, ez denborarik, ez gogorik besteenetan sartzeko! Askok Telecincoko programak kritikatzen dituzte baina eurak ere ez dira atzean geratzen beren jarrerarekin, to hipokresia! Bizi eta utzi bizitzen!
Ez ahaztu pertsona inbidiosoek ez dutela zuk daukazuna nahi, zuk eduki ez dezazun nahi dute. Besteen bizitzetan sartzen direnak, aldiz, ez bizi egiten dira eta ez bizitzen uzten dute. Eta gero badaude beste batzuk bi ezaugarri hauek dauzkatenak, besteen ona ezin ikusi eta gainera behar ez den lekuan muturra sartzen dutenak. Ongi aukeratu zure ingurua.